08 SEPT. 2024 KOLABORAZIOA Hau ez bada, zer? Joan Mari BELOKI KORTEXARENA Aurtengo Joko Olinpikoetan Grenada (107.000 biztanle), Dominika (72.400), Santa Luzia (183.000)... bezalako herrialdeak ikusi ditugu dominak irabazten. Euskal Herria, hiru milioi biztanle dituena, berriz, parte hartu ezinik geratu da berriro ere. Beste behin ikurrina podiumean ikusi ahal izan gabe eta beste behin «Ikusi mendizaleak... gora, gora Euskal Herria!» abestu ahal izan gabe geratu gara euskaldunok. Berriro ere gure kirolari onenei txalo zaparrada eskaini ahal izan gabe. Espainiako presidentearen arabera estatu nazioaniztun bateko nazioa garen arren. Euskal selekzioen ofizialtasuna ahalbidetzeko, Sanchez presidenteak PSOEren zuzendaritza proiektuaren onuraz konbentzitzen eman beharko luke lehen pausoa. Urrats hori erraz lortuko luke alderdian lider sendoa delako. Arazorik gabe jaso beharko luke ere aliatuen babesa Madrilgo Parlamentuan legearen aldeko bozak ziurtatzeko orduan. Aurka joko duten bakarrak PP eta Vox izanen dira. Espainia hausten ari dela errepikatuko dute enegarren aldiz, hainbat errosario errezatuko dute Ferraz kalean... eta deus gutxi gehiago. Maila instituzionalean ez du zertan trabarik izan presidente jaunak. Eta Espainian azken hamarkadetan agintzen ari diren indar faktikoak zer? Indar ekonomikoek, hau da, bankuek, burtsako inbertsoreek, multinazionalek, finantza-merkatuek, putre funtsek eta enparauek deus galduko al dute kirol selekzioak gure esku utzita? Ez dirudi beren administrazio-kontseiluen bileretan sartzeko moduko hizketagaia denik. Eliza katolikoa, Armada, Polizia eta epaileak ere ez dira espero gai hau jorratzeko orduan. Baina Madrilgo komunikabideen multzo erraldoia? Espainia urdinaren dozenaka bozeramaile horiek... horiek bai hasiko direla zaunkaka. Egunkarietan orri osoak beteko dituzte, irrati eta telebistetan orduak emanen dituzte... Zaunkaka ez ezik, orroka eta arrantzaka etengabe ariko zaizkigu, ziur. Baina, gaseosari bezala, indarra poliki-poliki joan eginen zaie, legeak Parlamentuko bidea agortu ondoren etsiak hartuta geratu arte. Aurrerapauso gisa, Britainia Handiaren eredua interesgarria gerta dakiguke fase honetarako: urtero eta kirol mota guztietan, Ingalaterra, Eskozia, Gales, Ipar Irlanda eta Gibraltarrek beren selekzioekin jokatzen dute. Salbuespen bakarra dute: lau urtez behin, Joko Olinpikoetan, kirolari guztiak Britainia Handiaren izenean aritzen dira. Pedro Sanchezek izanen al du halako erronka euskaldunoi jartzeko ausardiarik? Gai honekin ausartzen ez bada, Polizia espainiarra hemendik eramatea samurragoa eginen al zaio? Edo agian Armada Espainiaratu eta kuartelak eraistea? Edo independentziaren inguruko galdeketa abiaraztea? Edo Gizarte-Segurantza gure instituzioen esku uztea? Edo... Espainiako presidenteak estatu nazioaniztunaren alde zinez dagoela erakusteko gai aproposa du hauxe. Aurrerapauso gisa, Britainia Handiaren eredua interesgarria gerta dakiguke fase honetarako: Ingalaterra, Eskozia, Gales, Ipar Irlanda eta Gibraltarrek beren selekzioekin jokatzen dute