09 SEPT. 2024 ESKUBALOIA Bera Bera, «supertxapeldun» Donostiarrek Superkopa irabazi zuten atzo. Iaz hirukoa lortu zuten Imanol Alvarezen jokalariek, eta aurten ere gauza berarekin amets egin dezakete. Bera Berako jokalariak, Iberiar Superkopako garaikurrarekin. (RFEBM-FPA) Imanol CARRILLO Iaz amaitu bezala hasi du aurtengo denboraldia Super Amara Bera Berak. Hau da, txapeldun bihurtuz. 2023-2024an hirukoa lortu zuten donostiarrek -Superkopa, Kopa eta Liga-, eta Iberiar Superkoparekin ireki dute denboraldi ofiziala Portugalen jokaturiko atzoko finalean Elxi 19-28 irabazita. Emaitzaz harago, garrantzitsua da modua. Hau da, Bera Berako jokalariak fisikoki eta animikoki topera daudela dirudi. Adibidez, Marie Louisek iazko denboraldia jokatu gabe pasatu zuen, lesio larri batengatik, eta Iberiar Superkopa honetan minutu asko izan ditu, itxura oso ona emanda, gehienbat defentsan. Maitane Etxeberriak Parisko Olinpiar Jokoak jokatu zituen, baina lehenago amaitu zitzaion abentura beste lesio batengatik. Hala ere, lezoarrak bere ohiko abiadura eta ezker zitalarekin jarraitzen duela ikusi da asteburuan. Atzoko finalean, gainera, Esther Arrojeriak bost gol sartu zituen, eta udan iritsitako Eszter Ogonovszky-k, larunbateko finalerdian ez bezala, sei gol egin zituen, bere maila eta taldera azkar ohitu dela erakutsiz. Pistako beste aldean, defentsan, jokalari askok izan zituzten minutuak finalean, eta 19 gol “bakarrik” jasotzea meritu handikoa da. Jokoaren antolaketan, Elke Karstenek bere gogortasuna erakusten jarraitzen du, eta oso garrantzitsua dena, aurten iritsi den Elba Alvarezek beste neurketa on bat egin zuen, larunbatean bezalaxe, taldean galoiak oso azkar hartu dituela erakutsiz. Eta zer esan atezainei buruz? Larunbatean Lucia Pradesek jokatu zituen partidako minutu gehienak, eta aurten iritsitako atezainak 14 geldiketa egin zituen. Finalean, aldiz, Tamara Kostic izan zen titularra, eta ez zen atzean geratu. 15 geldiketa zenbatu genizkion. LASAITASUNETIK Argi dagoena da Imanol Alvarezek taldea osatu duela berriro ere. Egia esan, kosta egin zitzaion Bera Berari lehen gola egitea. 5:40 minutuan iritsi zen lehena, Esther Arrojeriarena. Ordurako Elx 2-1 irabazten zihoan eta, bere atean Nicole Morales maila handiko atezaina zegoela ikusita, ez zen seinale ona. Hala ere, donostiarrek buelta eman zioten emaitzari (3-4) eta, lau berdinketa pasatu ostean, Bera Berak beste martxa bat ipini zuen. Garaipenak ez zien eskuetatik alde egin, eta Elxeri nabaritu zitzaion oraindik ez dela bere benetako mailara iritsi. Denbora du oraindik, baina horretan Bera Bera beste pauso bat aurrerago dago eta bere mesederako izan daiteke Ligara, Kopara eta Europara begira.