09 SEPT. 2024 KONTXAKO BANDERA Ez dago Urdaibairi eta Arraun Lagunaki eztulik egingo dien inor Esperotakoa bete zuten bai ‘Bou Bizkaiak’ bai ‘Lugañenek’, eta uda osoan erakutsitako nagusitasun berberaz nagusitu ziren Kontxako bigarren igandean. Askoz politagoak izan ziren bigarren posturako lehiak, zeinetan Zierbenak eta Donostiarrak izerdia latz bota behar izan zuten besteen aurrean gailentzeko. Arraunlari edo entrenatzaile, emozioek gaina hartzeko eguna izan zen. Urdaibaik eta Arraun Lagunakek udako nagusitasuna berretsi zuten eta Gorka Aranberrik «Aita Manuel» berdindu zuen Kontxako palmaresean. (Jon URBE | FOKU) Arnaitz GORRITI «Gupidarik gabe joan behar da irabaztera». Urdaibaiko entrenatzaile Iker Zabalaren agindua, Gorka Aranberriri egina, Kontxako Banderaren bigarren igandeko hamabosgarren minutuan. Ordurako Bandera Bermeoko taldeak poltsikoan zuen, baina egurra ematen amaitu zuten egungo txapeldunek, ondoan eulirik inguratzeko ere ez baitzuen baimenik eman. «Talde historikoa zarete!» bota zien ostean arraunlariei Gorka Aranberri patroiak. 19 minutuko muga ere ez zuen oso urruti izan eta bi egunetako errekorra ere sei segundora geratu zitzaion ontzi bermeotarrari. Alajaina! Bere historiako zortzigarren Kontxako Bandera eraman zuen Bermeok, eta Gorka Aranberri patroiak «Aita Manuelen» marka berdindu zuen. Emozioa nabarmena zen patroi zarauztarraren ahotsean. «Zarautzen nengoela aukera eman zidatenekin gogoratzen naiz. Historia liburuetan agian azalduko naiz, baina inporta duena bandera bakoitza lortzeko egindako lana da, eta momentu hauekin gozatzea». Ulergarria zen Aranberriren emozioa, sekulako ibilbidea ari delako osatzen, baina hortxe amaitu zen bigarren atzoko emozioa, Kontxako Badiako estropadak ez zuelako uda osoan ikusi dena errepikatu baino egin. Bermeotarrak aurrerantz joan ziren, atzean Zierbena eta Donostiarra geratu ziren bitartean. Urdaibairentzat, Zierbenarekiko 14 segundoko aldeaz hasita bigarren igandeko estropada hau, albisterik onena zen arerioei zegokienez. «Lasai hartu dugu joaneko luzea. Gure ideia zen atzetik aurrera egitea nahi zuten horien morala erasatea, eta Orio tartean sartu dela ikusi dugunean, berriz, bandera gurea zela ikusi dugu», aipatu zuen Aranberrik. Bigarren posturako lehia, berriz, askoz zirraragarriagoa izan zen. Oriok aurreneko 15 minutuetan egindako lana gogotik ordaindu zuen gero. Bigarren estropada honetan hirugarrena izan zen, atzetik aurrera sartu zitzaion Zierbenaren ostean; beste bigarren postu bat «galipoentzat», Urdaibairengandik 26 segundora orotara. Eta sailkapen nagusian, Zierbenaren ostean Donostiarra, Orio, Hondarribia -aurreneko txandako garailea, eta Oriorengandik bi ehunenekora bakarrik geratu zen-, Getaria, Kaiku eta Cabo sailkatu ziren, hurrenez hurren. Baina halako nagusitasuna izan zen bermeotarrena, ezen ia bi estropada ezberdini buruz ari garela pentsa bailiteke. Urdaibairi eztulik ezin izan zion inork ere egin, udan ikusi den hori berretsiz. Zierbenak, Donostiarrak eta Oriok, berriz, maila bikaina dutela erakutsi zuten, baina emozioa beste urteren baterako geratu zen, nahiz eta, Gorka Aranberrik esan zuenez, «goizeko bostetarako begiak zabalik nengoen. Aldea izan arren, tentsioa beti izaten da. Eta hori amaitzen bada, akabo!» Ulertzekoa den legez, Iker -zabala pozarren zegoen estropada amaitu berritan. «Joaneko luzean Gorkari -Aranberriri- eusteko esan diot, bigarren luzea zaila eta gogorra egingo zela jakitun. Ziabogatik bueltan, irlaraino eusten joan gara, eta hain bai, han askatu dugu guztia. Arraunlariek lan itzela egin dute, baita traineruan lekurik izan ez dutenek ere. Haiekin aste honetako lana zailagoa izan da, batez ere Kontxako Bandera hau beraiena ere badela sinetsi dezaten, denek egon nahi baitute tostetan halako egunetan», argitu zuen Bermeoko entrenatzaileak. POZA ETA HUNKIDURA Harrigarria izango zatekeen Arraun Lagunakek uda osoan zehar ezarri duen «tirania» Kontxako Banderaren bigarren igandean apurtu behar izatea, are gehiago aurreneko asteburuan bederatzi segundoko aldea lortu eta gero. Alabaina, Juan Mari Etxabek entrenatzen duen taldeko emakumeek ez zuten egintzat ezertxo ere eman eta ez zen inor ere Arraun Lagunaki eztulik egiteko gauza izan. Hain zuzen, sailkapen nagusian bigarren amaitu zuen Donostiarra 20 segundora geratu zen azkenean. «Hau irabaztea asko kostatzen da. Lan handia eginda irabazi dugu. Horregatik diot Kontxako Bandera irabaztera ez dela inor ere ohitzen», bota zuen estropadaren ostean Mar Larrea arraunlari ondarroarrak, eztarria urratuta eta pozarren. «Entrenatzaileok halako emaitzak lortu nahian egiten dugu lan, eta taldeak sekulako erakustaldia eman du. Nola ez naiz hunkituta egongo?», gaineratu zuen, bere aldetik, bere hamabigarren Kontxa irabazi zuen Juan Mari Etxabe entrenatzaileak. Ikustekoak izan ziren Etxabe aita-alabek kaira iristean elkarri eman zizkioten besarkadak, bata zein bestea hunkidurak gain hartuta. ERAKUSTALDIA ”Lugañene” ontziak beste erakustaldi bat eman zuen -ziabogan batere arriskatu ez zuelarik, luze xamar ere joan ahal izan zen, inolako kalterik gabe-, eta, hala, aurreneko minutua betetzerako segundo bateko aldea atera zien aurkari guztiei. Handik aurrera, ziaboga salbuespena izanik, bigarren posturako borrokak izan zuen zeresanik handiena, Arraun Lagunakek, haizea kontra izanagatik, egundoko estropada burutu zuen-eta. Bigarren posturako borroka zoragarria izan zen behintzat, egiari zor. Hala, bigarren postutik laugarrenera segundo eta erdiko aldea baino ez zen izan. Orio izan zen bigarren aurreneko asteburuan, baina bigarren postua bermatzeko lanetan sekulako lanak hartu behar izan zituzten «mirotzek»; izan ere, Tolosaldea eta Donostiarra sekulako mailan aritu ziren bigarren igande honek eskaini zuen itsaso deseroso eta zikinean. Tolosaldeak eta Oriok sekulako borroka izan zuten poparean, Tolosaldeak bere kalea defendatuz ababor aldera bultzatu baitzuen Orio. Borroka horretatik ihesi, Donostiarrak bikain baliatu zuen bere kalea eta Kontxako Banderan bigarren postua bermatu ahal izan zuen, Arraun Lagunak ukiezinaren atzetik «lurtarren arteko txapelketa» eramanez. Atera kontuak, bigarrenak laugarrenari segundo bat eta erdi besterik ez zion sartu. Nolanahi, Arraun Lagunak helmugara iritsi zen unea hunkigarria izan zen, ohiko garrasi, malko eta besarkadez aparte. Aiora Belartietak asteon galdu duen amonari eskaini zion garaipena, malkoei eutsi ezinik. Lorea Etxabe Juan Mari Etxaberen alabak bere hirugarren Kontxa irabazi zuen, irribarrea eta negar malkoak nahasiz. «Familia bat ez bagina, ezingo genuke irabazi», gogoratu zuen Mar Larreak, Andrea Astudillo patroiak bandera astintzen urte hauetan bere estiloa findu duela erakusten zuen bitartean eta eskifaiak Gloria Gaynorren I Love You, baby kantaren errepika «Arraun Lagunak» izenaren ordezkatuta ospatzen zuelarik. “Ciudad de San Sebastian” agintarien ontziak, halaber, txapeldun biak batera jaso zituen estropada amaitu ostean, eta horren ondotik, Donostiako Udalak harrera egin zien hala bermeotarrei nola Arraun Lagunaki udaletxean. Izan ere, uda osoan onenak izan diren hauek biek atzo nagusitasun itzel hori berretsi baino ez zuten egin. «GUPIDARIK EZ»Ez zuen markarik hautsi atzo Urdaibaik, baina bertan izan zituen errekor guztiak, giroa onena izan ez bazen ere. Azken minutuetan «gupidarik gabe» jotzeko eskatu zion Iker Zabala entrenatzaileak Gorka Aranberri patroiari. ALDEAKHandia izan zen Bermeok eta Arraun Lagunakek gainontzekoei atera zien aldea: ‘Bou Bizkaiak’ 26 segundo atera zizkion Zierbenari, eta ‘Lugañenek’, berriz, 20 atera zizkion Donostiarrari bi igandeetako denborak batu ostean. FAMILIAAiora Belartietak asteon galdu duen amonari eskaini zion garaipena, malkoei eutsi ezinik. Lorea Etxabe Juan Mari Etxaberen alabak bere hirugarren Kontxa irabazi zuen, irribarrea eta negar malkoak nahasiz. «Familia bat ez bagina, ezingo genuke irabazi», gogoratu zuen Mar Larreak.