09 SEPT. 2024 Sen estrategikoa Surflari ernegatua Osorik ikusi nuen irailaren 6an Kalifornian egin zen Final Handia. Ordenagailuaren aurrean iltzatuta, izozki handi bat jaten ikusi nituen lehen txandak, eta mantzanilla batekin amaitu nuen azken txandetan. Interesgarriena Italo Ferreira eta John John Florencen arteko lehia izan zen. Ferreirak txapelketaren hasieratik ezarri zuen erritmoa. Ez dut uste aurrez prestatutako zerbait zenik, bera horrelakoa da, oso elektrikoa, ezin du geldirik egon. Txandei hasiera emateko aurkezpenak egin bezain laster, oholtzatik hondartzara salto egin eta korrika abiatzen zen itsasora, zaleei jaramonik egin gabe, begirada galdua aurrerantz zuzendua zuela. Lehen olatua berak hartzen zuen, bere arerioarekin orpoz orpo arraun egin ostean. Eta hortik aurrera gelditu gabe airekoak egiteari ekiten zion. Inork ez zuen lortzen Ferreira mendean hartzea, inor konturatu gabe, joko zelaia berak marraztu baitzuen. Ongien menderatzen duen eremura eraman zuen lehia, alegia, airekoetara. Mota guztietako airekoak egin ostean, keinuak egiten amaitzen zuen olatua. Show-a ematen ari zen, harrotuta, itsasoan eta lehorrean. Florencekin ere txanda berdin hasi zen. Ukuiluko atea ireki dioten zezena bezala abiatu zen itsasora Ferreira, lehen olatua ebatsi zion Florenci eta puntuazio altua jaso zuen. Florencek, birak eta airekoak trukatuz, ozta-ozta lortu zuen lehen finala irabaztea, baina agerikoa zen han Ferreirak agintzen zuela. Bigarren aldiz itsasoratu ziren. Gidoia errepikatu zen, Ferreira korrika, lehen olatua hartzeko arraunketa bortitza, airekoak, show-a, eta abar. Florencek olatu bat hartu eta bira batekin ordura arteko irizpide guztiak lehertu zituen arte. Ez zuen aireko bat egin, olatuaren magala mila zatitan txikitu zuen bira soil bat egin zuen, eta hamarrekoa jaso zuen. Horren ostean, Ferreira airekoak egiten jarraituta jai zeukala ohartu zen. Galdera da: John John Florencek nahita erabaki zuen joko eremua bere aldera ekartzea edo bere senak bultzatuta egin zuen mugimendu taktikoa izan zen? Edonola ere, arerio, lehiakide, epaile eta ikusle guztiak aho zabalik utzi zituen, brasildarrak eraiki zuen markoan baikinen denak, eta horrela, irabazle posible bakarra Ferreira zen. Sekulako ikasgaia eman zuen Florencek; markoa ezartzen duenak irabazten du. Zentzu guztietan. Inork ez zuen lortzen Italo Ferreira mendean hartzea. Ongien menderatzen duen eremura eraman zuen lehia, alegia, airekoetara