11 SEPT. 2024 JOPUNTUA Praga eta Donostia Kepa KORTA Irakasle eta ikertzailea Lanak eraman zuen Pragara, eta campusean sartu orduko ikusi zituen afixetan atzeman zuen lehen diferentzia. Abuztua izanda, normala izan zitekeen eraikinen fatxadak eta paretak horren txukun egotea, baina toki askotxotan topatu zituen, hala ere, poster eta pegatinak: «Ekar itzazue etxera orain». Campusetik kanpora ikusi zituen hiruzpalau sinagogen atarietan, argazkiek lagunduta zetozen. Palestinako banderarik ez zen inondik ageri. Kufija jantzita zeraman inor ere ez. Burka zeramaten emakume pare bat bai. Turista heterodoxoa izaki, hiriko liburu-dendei egin zien bisita. Txekierazko liburuez aparte, denek zeukaten ingelesezko liburuentzako txoko bat; “Shakespeare” izenekoak guztiak zituen ingelesezkoak. Ezezagunak egin zitzaizkion ez-fikziozko mahaian erakutsitako aleen titulu eta azpitituluak: “Aftershock-Bidaia ekialdeko Europako amets hautsietan barrena”; “1989ko iraultza-Sobietar inperioaren erorketa”; “Putinen gerrak-Txetxeniatik Ukrainara”; “Inbasioa-Errusiaren gerra madarikatua eta Ukrainaren biziraupen borroka”; “Burdinazko errezela-Ekialdeko Europaren suntsiketa”. Donostiara bueltan, laster ikusiko ditu, campusean eta campusetik kanpo, Palestinako banderak han-hemenka. Kufijaren bat ere bai. Bahitutakoen aipamenik ez. Israelen banderarik ez. Sinagogarik ez. Burka daraman emakumerik ez. Ingeles hutsezko liburu-dendarik ere ez. Ingelesezkoa baino handixeago, euskarazko lanen txokoa daukaten gaztelaniazko liburu-dendak dira gehienak. Euskara hutsezkorik ez dago batere. Titulu hauek aurkituko ditu, besteak beste: “Ehun urteko gerra Palestinan”; “Uztapide eta Xalbador-Bi adiskide mugaz gaindi”; “Hamas-Palestinar erresistentziaren goraldi eta baketzea”; “Nazionalismoaren alde eta kontra”; “Han egon zen-Jose Luis Elkoro, bizitza bete bat”. Praga eta Donostia; Euskal Herria eta Txekia. Handiak dira aldeak, eta esanguratsuak; herri bakoitzaren iraganari, orainari eta geroari buruz zeozer adierazten dutenak. Zehazki zer adierazten duten, ez daki esaten. Praga eta Donostia; Euskal Herria eta Txekia. Handiak dira aldeak, eta esanguratsuak; herri bakoitzaren iraganari, orainari eta geroari buruz zeozer adierazten dutenak