13 SEPT. 2024 Burujabetza eta eraldaketa soziala, EH Bildu eta EH Bairen helburuak Erabakitzeko eskubidea izango da EH Bildu eta EH Bairen arteko elkarlanaren ardatzetako bat, gizarte justuago bat lortzeko helburuarekin batera. Hala nabarmendu zuten Arnaldo Otegik eta Mathilde Haryk urte politikoa hasteko atzo Donostian egindako agerraldian. Arnaldo Otegi eta Mathilde Hary, atzo, Donostiako agerraldian. (Gorka RUBIO | FOKU) Martxelo DIAZ IRUÑEA Lurralde zatiketaren ondorioz, errealitate desberdinak daude Euskal Herrian, baina horren gainetik nazio bat osatzen dute zazpi herrialdeek eta erronka komunak dituzte. Hori nabarmendu zuten EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik eta Mathilde Hary EH Baiko eledunak atzo urte politikoari hasiera emateko Donostian egindako agerraldian. Burujabetza osoa dute helburu bi indarrek, gizarte justuago bat sortzearekin batera, eta horretarako elkarlanean arituko dira. Otegik nabarmendu zuenez, ezkerreko independentistak hauteskundeetan inoiz izan dituzten emaitza onenekin heldu dira urte politikoaren hasierara. «Zazpi herrialdetan, lehen indar politikoa gara, euskal herritarren gero eta sostengu zabalagoa lortzen dugulako», esan zuen. Gogora ekarri zuen Gasteiz eta Iruñeko Parlamentuetan inoiz izan duten ordezkaritzarik zabalena dutela, udaletan ordezkaritza zabala dutela, Madrilen lan erabakigarria egiten ari direla, Parisen diputatua lortu dutela eta Europan ere ordezkaritza dutela. Gauzak horrela, arduraz jokatuko dutela adierazi zuen Otegik. Izan ere, burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren alde egiteko aukera dute, «beti ere jendearen esanetara». Dena den, testuingurua zaila dela onartu zuen Otegik. Eskuin muturra gorakada bizitzen ari da Europan, bi Estatuetan zein Euskal Herrian. Ezker abertzaleak eskuin muturrari harresia jarri diola gogoratu zuen eta hemendik aurrera ere agenda erreakzionarioa gelditzeko lanean segituko dutela gaineratu. LAN INSTITUZIONALA Haryk, bestalde, lan instituzionalaren garrantzia azpimarratu zuen, baina mobilizazioa eta bultzada sozialaren zabaltzea ezin direla ahaztu esanda. Gauzak horrela, «naziotasun aldarrikapena lau haizeetara hedatzea lehentasuna izango dugu, herri gisa indar gehienak metatuz eta jendea aktibatuz». Estatus politikoak aldatzeko aukeren ingurukoa Euskal Herriko hiru eremuetan zabalik den eztabaida dela adierazi zuen Haryk, aldarrikapen horrekin bat egiten duen gehiengo bat dela azpimarratuz. Horretarako, akordio zabal eta irekiak beharrezkoak direla nabarmendu zuen, bai alderdi politikoen artean zein eragileekin, Madrilen eta Parisen aurrean herri gisa aurkezteko. ENEKO ANDUEZARI ERANTZUNA Kazetarien galderei erantzunez, EH Bildu Ortuzarrek proposatutako errondan parte hartzeko prest dagoela berretsi zuen Otegik. Gai horri buruz, Eneko Andueza PSEko buruak esandakoari buruz (erabakitzeko eskubideari buruzko inkestak lehenetsi behar direla hauteskundeen emaitzen gainetik), ideia «peregrinoa» dela erantzun zion EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. «Gasteizko Parlamentuan 75 hautetsietatik 56 erabakitzeko eskubidearen alde daude? Nola egiten diote horri aurre? Modu oso peregrinoan, inkestena aipatuz. Ba osatu dezagun horrela Gobernua ere. Inkestek jendearen gehiengoak EAJ-EH Bildu Gobernua nahi duela diote», azpimarratu zuen Otegik. HURRENGO DATAKBi data esanguratsu dituzte bi indarrek. Alde batetik, EH Bilduk konferentzia politikoa egingo du irailaren 21ean Donostian. EH Baik, berriz, Batzar Nazionala egingo du azaroaren 23an.