13 SEPT. 2024 Serieen joko zelaia Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Ate-joka dugu Donostiako Zinemaldia. Bertan, azken urteotan, “Antidisturbios” eta “We are who we are” telesailak estreinatu dira, besteak beste. Aurten “Querer” eta “Yo, adicto” iritsiko dira. Gero eta ohikoagoa da zinema jaialdien testuinguruan telesailak topatzea. Baina formatu hau estreinatzeko lekurik aproposena al da? Ekitaldi hauetan telesailen presentziak anekdotikoa izaten jarraitzen du, ez baitira sail ofizialetan lehiatzen eta emanaldiak, normalean, ez dira oso jendetsuak. Etxean ikustearen edota zinema jaialdi orokor batean ikustearen tarteko konponbidea telesailen jaialdi espezifikoak dira. Oraingoz irekita jarraitzen duen bide bakarra zinema jaialdi orokorren barruko programazio zabalean txertatzea da. Baina horiek kontsumitzeko dugun moduagatik, formula honi ez diot etorkizun handiegirik ikusten. Akaso Austin-eko SXSW-en egiten dutenaren antzeko zerbait izan liteke irtenbidea: bereizitako sail bat sortzea. Hau da, Donostiako Zinemaldian, “Zinemira” saila dagoen moduan, “Telesailak” izeneko bat sortzea, adibidez. Erantzuna, agian, uste dugun baino sinpleagoa eta gordinagoa izan daiteke: oraindik ere serieen joko zelaia telebistak dira. Jaialdietan hautatzearen ahalegin hori ez da oso naturala izaten ari, eta pentsatzen hasi beharko genuke geure etxeko sofan eserita kontsumitzeko sortuak izan direla, eta ez zinemaldi baten testuinguruan.