13 SEPT. 2024 Uda bukatzear, asteon hasi dira Galdakao, Antsoain, Uharte eta Artziniegako jaiak Gutxi geratzen zaio udari, baina oraindik azken hatsa bota behar dute herrietako jaiek. Azken tanda horren lekuko izango dira Galdakao, Antsoain, Uharte eta Artziniega, bertako jaiei helduko baitiete aste honetan. Egitarau oparoak antolatu dituzte, adin tarte guztientzako moduko eskaintzarekin. Galdakaoko txupinazoa gaur iluntzean izango da. Irudian, iazkoa. (GALDAKAOKO UDALA) GARA BILBO Bukatzear da uda eta, berarekin batera, baita herrietako jaien egutegia ere. Geratzen dira, hala ere, hainbat ospakizun Euskal Herri luze-zabalean, jai giroari oraindik agur esan nahi ez diotenentzat. Eguraldia lagun izango ez bada ere, Galdakao, Antsoain, Uharte eta Artziniegako jaietan ondo pasatzeko aukera izango da, zalantzarik gabe. Galdakaon Santakurtze jaiak ospatuko dituzte gaur bertan hasi eta irailaren 22ra arte. Hamar egunez eta gauez, herriko kaleak eta plazak kolorez, doinuz eta askotariko jardueraz beteko dira, herriko elkarte, kuadrilla, norbanako eta Jai Batzordearen ezinbesteko bultzadari esker. Horregatik, Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie «jaiak aurrera eramatea posible egiten duzuen guztioi». Nabramendu duenez, «harrotasunez esan dezakegu komunitate sendoa daukagula, pozik egoteko moduko sare ederra». Izan ere, egitarauaren parte handi bat herriko hainbat eragilek beren kontura antolatutakoa da. Pregoiaren eta txupinazoaren tartea gaur izango da, iluntzeko 20.30ean, baina horren aurretik herriko kuadrillek jaietako desfilea egingo dute musika bandaz, txistulariez, gaitariez eta fanfarreaz lagunduta, berotze ariketa gisa. Bihar, irailak 14, Santakurtze eguna ospatuko dute paella txapelketarekin, soka-dantzarekin, kale antzerkiarekin eta kirol ekitaldiekin. Jai egitaraua irailaren 22ra artekoa izango da. Musika arloari dagokionez, talde ezagunen kontzertuak izango dira aurten Galdakaon; besteak beste, Mago de Oz (ostirala 13), Bulego eta Tribut Abba (larunbata 14), Rajeen Dabkhe palestinar taldea (igandea 15), Tremenda Jauria (ostirala 20) eta Zea Mays (larunbata 21). Talde guztien aurretik herriko talde batek joko du. ANTSOAIN Irailaren 12tik 15era arteko jai egitaraua dute Antsoainen. Alegia, txupinazoa, atzo bota zuten, aurten mende laurdena bete duen erraldoi eta buruhandien konpartsaren eskutik. Herritarrek bozketa bidez erabaki zuten ardura hori nork hartuko zuen. Aurtengo egitarauak publiko guztientzako moduko 50 bat jarduera biltzen ditu, herriko espazio ezberdinetan gauzatuko direnak. Zaintzaren ikuspegia oinarri izanik, adin guztiak aintzat hartu dituzte, “Antsoain, zaintzen duen herria” proiektuaren bidez adinekoei, haurrei eta nerabeei zuzendutako jarduerak indartuz. Era berean, ostiral goizeko jarduerak indartu nahi izan dituzte, bereziki haur eta gazteei zuzendutakoak direnak, PAI konpainiak eskainitako Ferieta jolasgunearekin eta parkour tailer batekin. Asteburuan, berriz, ekitaldi gastronomikoak izango dira protagonista, biharko saiheski-janarekin eta biharamuneko kalderetearekin. Aurreko urteetan egin izan duten bezala, ekitaldi horietan bereziki sortzen diren hondakinak prebenitzeko, murrizteko eta bereizteko kanpaina berezia jarri dute abian. Eskertzeko moduko ekimena da. Bestalde, eta Antsoain LGTBI+ proiektuaren barruan, igandean bingo trabestia izanen da txosnetan, Yogurina Borova, Albina Stardust eta Divina Comedia artisten parte-hartzearekin. UHARTEN Uharten, bestalde, larunbatean, hau da, bihar botako dute Senidetasunaren Jaiei hasiera emango dien txupinazoa, kasu honetan Urbi guraso elkartearen eskutik, 25. urteurrena duela eta. Momentu horretatik abiatuta, jai giroa lehertuko da bederatzi egun luzez, egitaraua irailaren 22ra arte ez baita amaituko. Bihar ohiko ekitaldiak izango dira protagonista, hala nola jota erronda, herri bazkaria, iturri-dantza, salbe tradizionala eta behi eta zezensuzkoa. Gauean, Edelweis taldearen kontzertua izango da eta gaupasa Luzianorekin, ordu txikiak igarota oraindik eusten diotenentzat. Etzi erregearen eta erreginaren jantzi berriak aurkeztuko dituzte jendaurrean goizeko 11.30ean, eta ondoren erraldoi eta buruhandien konpartsa aterako da Uharteko gaiteroek lagunduta. Eguerdian, Añorbeko Udal Musika Bandaren txanda izango da, Uharteko gaiteroen eta erraldoien parte-hartzearekin. Arratsaldean, berriz, adin guztiei zuzendutako jokoak, guatekea eta La Jodedera eta Rakatun taldeen kontzertuak izango dira. Jai egitarauak aste guztian zehar jarraituko du, honako ekitaldi nagusiekin, besteak beste: saiheski jatea astelehenean, kalderetea asteartean, nagusien bazkaria asteazkenean, garagardo besta ostegun arratsaldean, emakumeen bazkaria ostiralean, haurren pregoia larunbatean eta herri kirolak eta mariatxiak igande arratsaldean. Edonorentzako moduko egitarau zabala prestatu dute, beraz. ARTZINIEGAKO AZOKA Artziniegan, azkenik, antzinako azoka egingo dute larunbat honetan, irailak 14. Berezia izango da aurtengoa, mende laurdena betetzen baitu. Urtero bezala, udalerria iraganera itzuliko da egun batez, antzinako lanbideen erakusketei esker eta, 25. urteurren hori ospatzeko, aurten inoiz baino kaleko animazio eta giro handiagoa izango da hirigune historikoan. Izan ere, Artziniegako azoka berezi egiten duena herritarren parte hartzea da. Beraien lanari esker, bisitariek artisautza produktuak dastatzeko eta antzinako lanbideak ezagutzeko aukera izango dute, goizeko hamaiketatik aurrera zabalik egongo diren ehun postutan: forja lanak, artzaintza lanak, arotzak, janari-postuak, auzoko ohiko postuak, musikariak, antzerkia, animazioa, Erdi Aroko kanpalekua, familia guztiarentzako jolasak eta beste hamaika ekintza. Horren egun bereziari 21.00etan emango zaio amaiera, suz, magiaz, dantzaz eta malabarismoz betetako ikuskizunarekin. GALDAKAONSantakurtze jaiak ospatuko dituzte irailaren 13tik 22ra; hots, gaur hasi eta datorren asteko igandera arte murgilduko dira jai giroan. KONTZERTUAKAskotariko kontzertuak izango dira Galdakaon: Mago de Oz (gaur), Bulego eta Tribut Abba (bihar), Rajeen Dabkhe palestinar taldea (igandean), Tremenda Jauria (ostirala 20), eta Zea Mays (larunbata 21). PREGOILARIAKAntsoainen herritarrek erabaki dute, bozketa bidez, txupinazoa nork botako duen eta erraldoi eta buruhandien konpartsari egokitu zaio ardura.