14 SEPT. 2024 JOPUNTUA Itxaropenaren militanteak behar ditugu Floren AOIZ @elomendia Kontzeptua Xabier Antichena da, edo, bederen, berak erabili zuen aurtengo Diadan, Bartzelonan, Onmium erakundearen ekitaldi nagusian. Katalunian ez dago giro gozorik subiranisten artean, dakigunez, baina batzuk izugarrizko lana egiten ari dira, zatiketa taupadak, haserreak eta liskarrak gainditzeko, autodeterminazio nazionalaren apustua aurrera eramateko, egungo krisiaren gainetik. Ez da erronka makala, amorrua nagusitzen baita, auzokritika gailentzen delarik autokritikaren gainetik. Etsipen tentaldiak oso indartsuak direnean, borrokarako grina berpiztea ezinbestekoa da, askapen nazionalaren bidea ez baita eten, une kaxkarrean badago ere. Berehalakotasunaren tiraniari aurre egin eta luzera begiratzeko joera sendotu behar da halakoetan, eraldaketaren bideak luzeak eta oztopoz betetakoak baitira. Eta horretarako, pentsamendu magikoaren amua irentsi gabe, itxaropena behar da, itxaropenaren militanteak behar dira. Etxekaltearen militanteak asko direlako, izan ere, prozesuaren blokeoaren ondotik errudun bila egurra banatzen ibiltzen direnak. Tinkotasunaren pedagogiak, gauzak horrela, joera indartsuekin talka egiten du, oso ohikoa delako besteen kontra jotzea gauzak ongi ez doazenean. Gogotik egiten dute askok Katalunian giroa irauli eta aukera berriak irekitzeko, baina erresistentzia handiak aurkitzen dituzte beren aurrean. Diadako ekitaldietan parte hartzea ohore erraldoia da beti, eta oraingoan ere plazer handia izan da Kataluniako independentistekin batera bertan ospatu izana. Etxera itzulita, badugu zer pentsatu eta zer ikasi, zalantzarik gabe, askapen borroka guzietan une gozoak eta gaziak daudelako. Bizi garen garaiotan dena bizkortzen da, baina munduari patxadaz so egiteko tarteak hartu behar dira, ez baitago itxaropenaren militante izaterik orainaldiaren muga estuetan murgilduz gero. Irmotasunak eta imajinazioak irekitzen dituztelako itxitako bideak, zorionez. Itxaropena behar da, itxaropenaren militanteak behar dira. Etxekaltearen militanteak asko direlako, izan ere, prozesuaren blokeoaren ondotik errudun bila egurra banatzen ibiltzen direnak