14 SEPT. 2024 MIGRAZIOA ETA KULTURARTEKOTASUNA Kulturen arteko hiria itu: eraikitzeko, deseraiki «Etorkizuna hemen dago: aniztasunean bizikidetzaren erronkak eta aukerak» ikastaroaren bigarren egunean, Soraya Ronquillok eta Jeanne-Rolande Dacougnak kulturarteko hiriak sortzeko erronka eraman zuten Donostiako Miramar Jauregira. Emakume migranterik gabe ezin dela ezer eraiki ohartarazi zuten. Jeanne-Rolande Dacougna eta Soraya Ronquillo, moderatzailearen alde banatan. (Andoni CANELLADA | FOKU) Maddi TXINTXURRETA Kulturartekotasuna «ez da ezer berria, Euskadin hogei urte daramatzagu horretaz hitz egiten; beraz, agian aurrera egiteko unea da», adierazi zuen Jeanne-Rolande Dacougnak, atzo, Donostiako Miramar Jauregian. Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren Biltzen zerbitzuko esku-hartze sozialeko teknikaria da, eta ondoan izan zuen Bidez Bide elkarteko kide Soraya Ronquillo. Eskuz esku, kulturarteko hiriak nola sortu pentsatzen aritu ziren EHUk eta Donostiako Udalak antolatu zuten ikastaroaren bigarren egunean. Eta abiapuntuan ados agertu ziren biak: eraikitzen hasi baino lehen, beharrezkoa da deseraikitzea. Eta hala ekin zioten uste okerrak eraisteari. Kulturak ez dira harrizkoak; eraldatu eta moldatu egiten dira, pertsonak bezala. «Eraikuntza etengabea, malgua eta dinamikoa da», argitu zuen Dacougnak eta, bere esanetan, hori argi ikusten da migrazio prozesu bat bizi duten pertsonen kasuan: «Migratutako pertsonek ezagutza kultural bat dakarte, baina hemen beste batekin topo egiten dute. Bien arteko elkarrizketa bat izaten da, eta prozesu bat garatzen: pertsona horiek hemengo kulturako zenbait gauza hartuko dituzte, behar dituztelako, baina horrek ez du esan nahi beraien kulturari oso-osoan uko egin behar diotela, hori ere beharrezkoa baitute». Egiaz, kultura zurruna dela defendatzen duena -«hau beti egin izan da horrela» dioen hori-, «pribilegioaren aldean dago, ez zaio interesatzen gauzak aldatzea», gaineratu zuen, abisu modura. Hizkuntzaren balioaz ere aritu ziren hizlariak, honen bitartez egiten baita kultur transmisio, euren esanetan. Eta, ildo horretatik, euskararen garrantzia azpimarratu zuten. Hasteko, praktikotasunagatik: lagungarri delako enplegua bilatzeko orduan, batez ere Euskal Herrian finkatzeko asmoa duten pertsonen kasuan. Baina, bestetik, «integrazioa lagundu eta errazteko tresna» delako, ziurtatu zuen Dacougnak. Proposamen bat ere egin zion administrazio publikoari, Miramar Jauregiko talaiatik: «Interesgarria izango litzateke harrera prozesuetan jendeari nora etorri den azaltzea, batzuek erroldatzera datozenean deskubritzen baitute hemen beste hizkuntza bat dagoela. Pentsatzen dute Espainiara datozela». Soraya Ronquillok ere iritzi dio euskarak berebiziko garrantzia duela migratu duten pertsonen bizitzak hobetzeko, eta, azaldu zuenez, Donostiako Bidez Bide elkartean artatzen dituzten emakume migranteekin euskarari balioa aitortzeko ariketa egiten dute. «Uste dugu oso inportantea dela hizkuntza honen historia jakitea, zeren askotan ez dugu ezagutzen, eta horrek inposizio gisa hartzera eramaten gaitu. Baina hizkuntza honekin gure herrialdeetan kitxua edo aimararekin bizi izan duguna gertatu da», adierazi zuen. ZAINTZA, SARTZEKO ATE BAKARRA Euskal Herrira datozen emakume askok aukera bakarra topatzen dute enplegurako: zaintza. «Esan ohi dugu ‘ongi etorria’ zaintzaren sektoreak egiten duela, batez ere Abya Yalako emakumeen kasuan. Erregimen internoan aritzen dira asko, esplotazio baldintzetan», agertu zuen gizarte langileak. Berak ere zaintzaren atetik sartu behar izan zuen Euskal Herrira, Perutik etorri zenean. Bere ikasketak homologatzeko eskaera egin zuenetik onartu zioten arte, lau urte pasatu ziren, eta zaintzen aritu zen bitartean. Asko errepikatzen den egoera da Bidez Biden artatzen dituzten emakumeen artean. Ronquillok azaldu zuenez, 5.000 andre ingururi lagundu diote ikasketa tituluak homologatzeko tramite «gogaikarriak» egiten, eta horietako %70ek bigarren mailako ikasketetatik aurrerako tituluak zituzten. «Erizainak, medikuak, odontologoak... dira zaintza lanetan diharduten asko, beren tituluak homologatzeko zain», esan zuen. «Dei efektuari buruz asko hitz egiten da, baina berez dei efektua eskulanaren beharra besterik ez da, horrek eragiten du Latinoamerikako emakumeak etortzea. Askotan, gainera, beren seme-alabak beste emakume batzuek zaindu behar dituzte haien jatorrizko herrialdeetan. Horiek dira zaintza sare transnazionalak», esan zuen Jeanne-Rolande Dacougnak. Bestalde, baldintza okerrenetakoak eskaintzen dituen sektore honetan ere, jatorriaren araberako diskriminazioa begien bistakoa dela azpimarratu zuen. «Hierarkia bat dago: emakume beltzak edo hiyaba daramatenak zaintza sektoretik baztertzen dira, arrazakeriaren ondorioz. Eta, aldi berean, esaten da emakume beltzek eta musulmanek ez dutela lanik egiten. Inork ez ditu kontratatu nahi! Beren bazterkeria egoeraren arduradun egiten ditugu, bazterkeria hori eragiten duten egiturak hemen dauden arren», adierazi zuen. Emakume migranteek zaintzeko soilik balio dutela dioen narratibarekin apurtzeko beharra agertu zuten hizlariek. Eta, horrekin, zaintza lanak iraultzeko Euskal Herriko mugimendu feministaren bitartez egindako bidean sakontzeko unea dela iritzi diote. «Funtsezkoa da zaintzaren erantzunkidetasunerantz bidea egitea, denak inplikatu daitezen, gizonak eta instituzioak ere bai», bota zuen Biltzeneko teknikariak. BEGIRADA KOLONIALA EZABATU Kulturarteko hiriak eraikitzeko, beraz, funtsezkoa da aipatutako guztia deseraikitzea. Deseraikitzea arrazakeria, matxismoa eta, batez ere, «gizartea blaitzen duen begirada koloniala», zehaztu zuen Ronquillok. Izan ere, pertsona migranteen berdintasuna, interakzioa eta parte hartzea bermatuko duten hiriak sortu nahi badira, zorua prestatu behar da aurretik, oinarri kolonialen gainean eraikiko den zutabe orok atzerritarrak azpian harrapatuko ditu bestela. «Botere harremanak irauliko dituen proiektu politikoa izan behar dugu jomugan», nabarmendu zuen. Begirada arrazista eta kolonialak, hizlariek ohartarazi zutenez, zenbait estereotiporen arabera sailkatzen ditu migranteak, eta horrek eragina dauka gizartean okupatzen duten lekuan, besteak beste. Azaldu zutenez, hegoalde globaletik datozen pertsonak «atzeratuak, barbaroak, primitiboak» dira euskal herritar zurien begiradan. Uste izaten da andreek ez dutela ikasketa edo jakintzarik eta, beraz, ez dira «baliozko hizketakide» gisa aintzat hartzen, ezta eraldaketa gauzatzeko agente moduan ere. Dacougnak diskriminazio positiboko ekintzak defendatu zituen, «zeren ezin ditugu berdin artatu baldintza desberdinak dituzten pertsonak», adierazi zuen. Neurri hauek debatea eta tirabira sortzen badute ere, esku-hartze sozialeko teknikariaren aburuz, «horiek gabe berdintasuna ez da erreala izango». «Kulturarteko hiria osatu nahi badugu, pertsona guztiok egon behar dugu hor, ideiaren momentutik parte hartu behar dugu», ohartarazi zuen Bidez Bide elkarteko kideak. Eta horretarako, ezinbestean, euskal gizarte hegemonikoak «‘ezleku’ horretan dauden pertsonen azpiratutako jakintzak» aitortu behar ditu, bere esanetan. «Oso inportantea da euskararen historia jakitea. Hizkuntza honekin gure herrialdeetan kitxua edo aimararekin bizi izan duguna gertatu da» «[Emakume migranteak] beren bazterkeria egoeraren arduradun egiten ditugu, bazterkeria hori eragiten duten egiturak hemen dauden arren»