14 SEPT. 2024 Laborantza ereduan arreta jarriko dute Lurramaren 19. edizioan I.E-G.- H.A. BAIONA Euskal Herriko Laborantza Ganbarak 2006an Lurrama sortu zuenetik, laborantza herrikoiaren trukaketa eta elkarretaratze gune bilakatu da. Urtero gai jakin bat jorratzen du Lurramak, konferentzia eta mahai inguruen bidez. Aurten, 19. ediziorako, «elikaduraren erronken aitzinean zein laborantza eredu hautatu behar den» gogoetatzeko parada izanen da azaroaren 8tik 10era bitarte. Donibane Lohizuneko merkatuan atzo egindako aurkezpenean antolatzaileek azaldu zutenez, Lurrama berriarekin ondoko galderari erantzutea xede izanen dute: «Zein dira ekosistemetarako laborantzako elikadura sistema jasangarria garatzeko ahalak? Zeintzuk izango dira elikagai osasungarriak eta guztiek eskuragarri izango ditugunak klima aldaketaren momentuan?». DUINTASUNA Laborantza herrikoia elikaduraren erronken erantzunetako bat dela defendatu zuten antolatzaileek. «Laboraria duintasunez» ordaintzeaz gain, «kontsumitzaileari elikadura osasuntsua eta ingurumena errespetatzen duena bermatzen» duela nabarmendu zuten. Horregatik, “Laborantza herrikoiaz bizi eta elika gaitezen” leloa izango du aurtengo Lurramak, kontzientzia kolektibora dei eginez.