15 SEPT. 2024 Lau hamarkada igarota ere, «Pantu» eta Tomas gogoan Aurten 45 eta 40 urte bete dira, hurrenez hurren, Jon Lopategi Carrasco «Pantu» (BVEk) eta Tomas Perez Revilla (GALek) errefuxiatuak hil zituztenetik. Beren auzoan, Bilboko Uribarrin, haien memoria bizirik dagoela aldarrikatu zuten atzo. Karmelo Lopategi, «Panturen» anai txikia, eta Feli Ziluaga, Tomas Perez Revillaren alarguna. (MIkel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU) Amaia EREÑAGA BILBO Azken hamarkadatan, urtero bildu izan dira Bilboko Uribarri auzoan “Pantu” eta Tomasen memoria aldarrikatzeko. Atzokoa hitzordu berezia izan zen, Egiari Sorrek deituta egin zen ekitaldi xumean oroitu baitzuten aurten 45 eta 40 urte bete direla talde parapolizialek Jon Lopategi Carrasco “Pantu” eta GALek Tomas Perez Revilla erail zituztenetik, hurrenez hurren. «Pantu eta Tomasen memoriak, belaunaldi militanteen memoriak, bizirik dirau -azpimarratu zuen Oihana San Vicentek, Sortuko bozeramaile nazionalak, egin zen ekitaldi politikoan-. Bizirik jarraitzen du, bere borrokak bizirik jarraitzen duelako. Euren bizitzekin amaitu zuten, herri baten askatasun gosea desagerrarazten saiatzeko, baina herri horrek hemen jarraitzen du, zutik, duin eta borrokalari». Uzturre plazan, Karmelo Lopategi, “Panturen” anai txikiena, eta bere ondoan Feli Ziluaga, Tomasen alarguna, aurkitu genituen. «Hunkituta? Bai, oso», esan zuen Felik. Lau hamarkadatan zabaldutako zauriak ez dira itxi, eta ez dira itxiko judizialki argitzen ez badira. Felik zioen egun honetan behin eta berriz etortzen zitzaiola 70-80ko hamarkada haietan Ipar Euskal Herrian errefuxiatuen kolektiboak bizi zuen egoera beldurgarria. GERRA ZIKINAREN URTE HAIEK Jon Lopategi Carrasco 1979ko abuztuaren 2an hil zen, bezperan Angeluko Corsarioen hondartzaren inguruan jasan zuen atentatuaren ostean. 36 urte zituen. Parapolizialek hiru errefuxiaturen aurka egin zuten tiro; Angel Iturbe ere zaurituta gertatu zen. Atentatu hura BVEk (Batallon Vasco-Español) hartu zuen bere gain. GAL sigla erabiltzen hasi aurretik, 1983 amaieran, gerra zikineko atentatuak aldarrikatzeko, beste hainbat siglez baliatu ziren parapolizialak: ATE, Triple A, Grupos Armados Españoles (GAE)... Tomas Perez Revilla “Tomason” 1984ko uztailaren 28an hil zen Bordeleko ospitalean, ekainaren 15ean jasandako atentatuak eragin zizkion zauriengatik. Biarritzeko Jano tabernatik ateratzen ari zenean, parapolizialek lehergailuz betetako motor bat leherrarazi zuten. Eztandak bete-betean hartu zituen Perez Revilla eta berarekin zegoen Roman Orbe Etxebarria. “Paris Match” aldizkariak argitaratu zuen irudi bat herri honen imajinarioan gelditu da zintzilikatuta: bertan errefuxiatu biak ageri dira, gorputzak erredurez eta odolez beteta, eta arropak txikituta. Irudia hartu zuen argazkilari «anonimoaren» izena ez da sekula jakin. Bordeleko ospitalean zauriek eragindako triskantzaren eraginez hil zenean, Perez Revillak 44 urte zituen. Minbiziaz gaixo zegoen atentatua jasan zuenean. 1976ko martxoaren 21ean metrailetaz egindako beste atentatu batetik bizirik ateratakoa zen.