GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Peña II.a-Zabaletarentzat, Masterseko finalerdietarako txartel garestia

Oso garesti jarri zuen Altsasuko Burunda pilotalekuak Masterseko finalerdietarako txartela. Oso lehia parekatua jokatu zuten Peña II.a-Zabaleta eta Jaka-Martija bikoteek eta bukaerara arte urdinek ezin izan zuten markagailuan tarte nabarmenik zabaldu.

Jon Ander Peñak bederatzi tanto eginda bukatu zuen partida. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Partida deserosoenak aurrera ateratzeak balio handiagoa izan lezakeen iritzikoa da Jon Ander Peña, eta, atzo, Altsasuko Burunda pilotalekuan horixe bera egin zuen tolosarrak, atzean Jose Javier Zabaleta ondu bat bizkartzain zuela. Etxarrendarrak Caixabank Masterseko txapelketa erdia baino gehiago galdu zuen lesio baten erruz, baina garaiz osatu dela berretsi zuen, partida erabakigarrienean azken txanpara osorik iritsi eta diferentziak markatuta.

«Azken tantoetan eskuinetan esparatrapu pixka bat kendu dut. Horrek ere gozatzeko lagundu dit azken txanpan», onartu du atzelari nafarrak, zeinak partidako lehen tantoa eta azkena sinatu dituen, ezker hormara itsatsita. «Azken honek balio du gehiago», adierazi zuen, dema osoan eginiko bost tantoei buruz galdetzean.

Faboritoak ziren urdinak, Zabaletaren itzulerarekin ligaxkan bi garaipen pilatu eta sentsazioak irauli baitzituzten. Dena dela, oso bikote sendoa izan zuten atzo aurrean, Jaka eta Martijak osatutakoa, eta ez zuten berehalakoan amore eman. Are gehiago, une oro mehatxu argia izan ziren, urdinek aurrea hartzen zuten aldiro berdintzea lortzen baitzuten, Jaka oldarkor bati esker eta Martijaren segurtasuna lagun izanda. Atzelari bizkaitarrak ez zuen pilota bakar bat ere galdu eta zenbait momentutan Zabaleta asko behartu zuen, kasik errebotera bidalita.

TANTO IKUSGARRIAK

Jokoa asko zabaldu zuten bi bikoteek, aurkaria estu hartuta, aurrera eta atzera, eskuin-ezker. 3-5eko tantoak 100 pilotakada pasa izan zituen eta partidaren ezaugarriaren adierazle nagusia izan zen: luzea eta gogorra. Lau pilotariek ez zuten pilota bakar bat ere galdutzat eman eta, horri esker, Burunda frontoira hurbildu ziren 450 zaleek tanto ikusgarriak ikusi zituzten: 6-8koan, Zabaletak txokoan altxatu ostean ezker horman itsatsi zuena; 12-12koan, Martijaren pilotakada bortitza atzera; 14-16koan, Peñak hanka artetik eramandakoa; 16-20an, Jakak bihurritutakoa...

Aurrelariek apur bat erreboluzionatuta jokatu zuten lehen erdian, kirioak dantzan zituztela, onerako zein txarrerako. Bigarren erdian, arriskuak hartuta, behar baino huts gehiago egin zituen Lizartzakoak (zortzi orotara) eta horrek eragotzi zien gorriei partida menperatzea. Dema parekatua izan bazen ere (lau berdinketa), Jaka-Martijak ez zuten sekula aurrea hartu, eta azken erdian bikote osoagoa osatu zuten Peña II.ak eta Zabaletak. 15-19ko abantaila lortuta -partidako handiena- bideratu zuten garaipena, gorriei amore ematea kosta bazitzaien ere.