16 SEPT. 2024 ARRAUNA Urdaibaik marka hautsi, eta San Juan eta Zumaia historiarekin adiskidetu dira «Suntsiezina» izan den «Bou Bizkaia»-k historiarako beste mugarri bat ezarri zuen atzo Portugaleten, sasoiko 14. bandera astinduta. Play-offean, Ares, San Juan, Astillero eta Zumaiak igoera lortu zuten; San Pedrok eta Cabok maila galdu zuten. Urdaibaik hamalaugarren bandera astinduta, garaipenen mugarri berri bat ezarri du. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU) Ane URKIRI ANSOLA Hamargarren Eusko Label liga, zortzigarren Kontxako Bandera eta denboraldi bakar batean irabazitako banderen errekorra: hamalau, orotara; jokatutakoen %73, alegia. Estatistika hau kontuan hartuz gero, Cabo da oraindik ere errekorraren jabea, 17tik 13 erdietsi baitzituen (%76) baina egiari zor, “Bou Bizkaia”-k ezarritako langak ongi merezia du aipamen berezia, oraindik inork ez baititu uda bakar batean 14 bandera astindu; are gutxiago, Kontxako bandera eta txapelketa erregularraren aurretik irabazitako Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketak. Dena irabazi du Bermeok eta aro baten jaun eta jabe izan da Urdaibai, azken hiru urtean liga eta Kontxa bereganatu baititu, eta Eusko Label ligaren 22 edizioetatik hamar -kasik erdiak- irabazi baititu. «Udaran eztanda egin duen bonba bat izan da, neguan lantzen hasi zena; harago, duela hiru urte lantzen hasi zena», adierazi zuen Gorka Aranberri patroiak. Izan ere, zarauztarrarekin batera, Santurtzi utzi eta Bermeorako bidea egin zuten 2021eko neguan Iker Zabala entrenatzaileak eta beste bost arraunlarik, eta Urdaibai berriro ere lehen lerroan kokatu dute, eskifaia «suntsiezina» osatuta. Portugaleten, ibaian jokatutako estropada eremuan, ez zuten aurkaririk izan. Indarrak, wattak, izan ziren funtsezkoak eta Bermeok, alde horretatik, sobera du. Egon zen dudarako tarterik, Hondarribiak ere sekulako gaitasuna erakutsi baitzuen lehen txandan. Berea izan zen Urdaibaik baliatu zuen erreferentzia eta aurreneko ziabogan bederatzi segundoko atzerapena zuen arren, bigarren luzean, poparean, minutu bakoitzean aldeak murrizten joan zen; hala, bigarren ziabogarako, “Ama Guadalupekoa”-rekiko abantaila lortu zuen. Orduan, Orio gerturatu zitzaion, liga erregularreko laugarren postua defendatzeko asmo tinkoarekin. Mirotzek lortu zuten helburu nagusia -bigarren bukatu zuten- eta Urdaibaik azken ziabogarako zazpi segundo sartu zizkion, garaipena ezinbestean bideratuta. ELITERA ITZULERA Garaipena eta igoera segituan bideratu zuena San Juan izan zen, Aresekin batera. Koxtape izan zen azkarrena Portugaleten, herenegun Bermeon erakutsitako trebeziari atzo watten bitartez sasoiko iritsi direla berretsita. KAE1 ligan nagusi izan dira Pasai Donibanekoak eta arraunean kasualitaterik ez dagoenez, kausalitatez jantzi dute klubak irabazitako lehen eta azken Kontxako banderen urteurren biribilean -mende bat eta mende laurden bat igaro da- Eusko Label ligara igo eta historiarekin adiskidetzea. «Urte asko pasa dira, denok geunden honen zain... Hunkigarria izan zen nola etorri ziren atzo Bermeora, gaur ere bai, ostiralean sekulako indarra eman ziguten. Denok batera aritu gara, marea arrosa berriro egongo da gorengo mailan eta hunkigarria da», adierazi zuen Ander Makazaga arraunlariak. Hunkigarria ere Zumaiaren itzulera elitera. 2012 eta 2013an Euskotren liga bana irabazi zuen “Telmo Deun”-ek eta maila galdu eta zortzi urtera itzuli da merezi duen lekura, elitera. Bermeon ez bezala, Chapelak mehatxu argia jo zuen -une batez ontzi azkarrena izan zen- eta Astillerok zein zumaiarrek gogor borrokatu behar izan zuten igoerako txartela lortzeko. JAITSIERAKBatzuen poza eta besteen tristura dakar txapelketak. San Pedrok eta Cabok, Eusko Label eta Euskotren ligan mantentzeko borroka egin duten bi ontziek, maila galdu zuten, kanporaketa oso kaskarra burutu ostean.