17 SEPT. 2024 SIDONIE EN JAPÓN Kontenplaziozko esperientzia Gaizka IZAGIRRE HERNANI Isabelle Huppert ezaguna da protagonista eta Sidonieren rola jokatzen du; senarraren heriotzak lur jota utzi duen idazle frantziarra da. Japoniara joango da bere best-seller berria aurkeztera. Editore japoniarrarekin herrialdearen xarma eta misterioak ezagutu arren, Sidonie galduta sentitzen da, noraezean. Aspaldi desagertutako senarraren mamua bisitan hasten zaionean gauzak okertu egingo dira. Bidaia hau lekualdatze fisiko bat izatetik harago, dolu, hausnarketa eta sendatze prozesu bati buruzko odisea bat da. Elise Girard zuzendariak, hasieratik, kontenplaziozko esperientzia eskaintzen digu, erritmo lasaia zein estetika zaindua uztartzen dituena, estilo nahiko minimalista sortzeko. Horretarako, Japoniako paisaia, arkitektura eta kultura erabiltzen ditu euskarri gisa; protagonista bere bizitzaren norabideari buruzko hausnarketa egitera bultzatuko duten elementuak izango dira. Gustatu zait nola irudikatu duen hiria, klixe turistiko edota exotikoak saihesten ditu eta. Horren ordez, estetika japoniarraz baliatzen da Sidonieren isolamendua eta introspekzioa azpimarratzeko. Plano luze eta estatikoen erabilerak eta paisaia lasai eta hutsak nabarmentzen dituen argazkilaritza lanak, protagonistaren egoera emozionala indartzen dute. Hori bai, bertako pertsonaien isiltasun eta keinu txikietan hasieratik murgiltzen ez bazara, nekez eutsiko diozu duen erritmo geldoari; argumentuan garapen dinamikoagorik ez egotea frustragarria izan daiteke kontakizun konbentzionalagoa bilatzen duten ikusleentzat. Pazientzia apur bat eskatzen duela esan daiteke, baina “esfortzuak” zinez merezi du. Intimismo emozionala eta malenkonia neurritsuaren arteko ariketa sotil bat erakusten duen pelikula da “Sidonie au Japon”; istorio lasai eta introspektibo bat ikusteko gogoz bazabiltza, hau da aukeratu behar duzuna (bestela ez).