18 SEPT. 2024 EDITORIALA Estrategiak fintzeko eta eztabaidarako datuak Naziometro izeneko euskal burujabetzari buruzko iritziaren inguruko barometroaren seigarren edizioaren emaitzak ezagutarazi zituzten atzo. Inkestak inkestak dira beti, momentu zehatz baten argazki finkoak. Baina denboran zehar metodologia eta asmo berarekin errepikatzen direnean, gizarte baten iritzien bilakaera sakon aztertzeko bidea ematen duen corpus baliagarria osatzen dute. Hori egiten ari da, pixkanaka, Naziometroa. Matematikan bezala, bi punturen erreferentzia izanda, errazagoa da hirugarren bat ze distantziara dagoen asmatzea. Horretarako tresna interesgarria da Naziometroa, zein puntutan gauden jakiteaz harago, beste puntu batera joateko bidea aukeratzen lagungarri izan daitekeelako. Komeni da jakitea zein diskurtso ez den gustuko gertatzen jendartean eta zein hitzek duten harrera hobea. Barometroen sei edizioek ebidentzia nabarmenak utzi dituzte horren inguruan: independentziaren aldarrikapenak ez du gaur egun erakargarritasun handirik; alabaina, balizko Euskal Estatu batek askoz adostasun handiagoa sortzen du. Neurri berean, identitate nazionalen aferak tokian tokiko diskurtsoak eta estrategiak garatzea hautu inteligentea dela baieztatzen du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan euskal nortasun bereizia da nagusi; Nafarroa Garaian nafar nortasuna gailentzen da, euskal edo espainiar nortasunen gainetik; Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan, azkenik, euskal nortasuna eta frantsesa nahiko bateragarriak dira jende askorentzat. Hau dena, argazki orokorra ahaztu gabe: nazio osoan atxikipen handiagoa lortzen du euskal nortasunak, espainiarrak edo frantsesak baino. Azkenik, Eneko Andueza PSEko buruak duela astebete erabakitze eskubidearen aurka jotzeko inkestak erabili zituela gogoratuta, komeni da Naziometroaren datuak kontuan hartzea: Euskal Herriko biztanleen %35,2 dago Euskal Estatuaren alde. Gehiengo osotik urrun, bai, baina Euskal Estatu horren aurka dagoen %26,8aren oso gainetik. Ez dezatela inkesten atzean ezkutatu proiektu politiko demokratiko eta legitimo baten aurkako beto autoritarioa baino ez dena.