18 SEPT. 2024 GARA, MEDIABASK ETA ERROBIREN URTEURREN FESTA Urteurren festa GARA eta Errobiren eskutik, azaroaren 29an Baionan Mende erdi da Errobi musika taldea abiatu zela. Mende laurdena, 25 urte, GARA sortu zela, eta hamar urte, berriz, Mediabask jendartera zabaldu eta informatzen dabilela. Denek elkarrekin ospatuko dituzte urteurrenak Baionan, azaroaren 29an, Lauga gelan, GARAk eta Mediabaskek antolatu eta Baionako Herriko Etxeak lagundutako Errobi taldearen kontzertu batekin. Ezker-eskuin, Iñaki Soto, Mixel Ducau, Anje Duhalde, Goizeder Taberna eta Yves Ugalde. (Gillaume FAUVEAU) Iker GURRUTXAGA DONOSTIA Errobi musika taldea martxan jarri zela mende erdi da. Mende laurdena, 25 urte, GARA sortu zela. Eta 10 urte dira Mediabask jendartera zabaldu eta informatzen ari dela. Bada, atzo Baionako Laugan kontatu zuten moduan, Mediabaskek eta GARAk antolatu eta Baionako Herriko Etxearekin elkarlanean, azaroaren 29an Errobi musika taldearen kontzertua izango da Laugan bertan. Ekitaldian izan dira Errobiko Anje Duhalde eta Mixel Ducau, GARAko zuzendari Iñaki Soto, Mediabaskeko erredaktore buru Goizeder Taberna eta Baionako auzapezorde Yves Ugalde. Festa handiagoa izango da azaroaren 29an, Patxaranga izango baita Errobiren aurretik giroa berotzen. Eta atzetik, besta luzatzeko, Xutik taldearen kontzertua ere izango da. GARA eta NAIZeko harpidedunek dagoeneko sarrerak eskuragarri dituzte NAIZen Harpidedunen Txokoan. Gainerakoek spectacles.bayonne.fr helbidean eskuratu ahal izango dituzte irailaren 23tik aitzina. Guztira 2.500 sarrera egongo dira saltzeko, 30 euroren truke, haietatik 1.500 NAIZen Harpidedunen Txokoan, merkeago, 22 eurotan. Gaualdiaz gozatzeko aukera izango da harmailetan eserita edo pistan zutik. Gaualdi luzea izango da. Ateak 19.00etan zabalduko dituzte eta goizaldera arte luzatuko da jaia. Halatan, taberna zerbitzua ere izango da eta, edatekoaz gainera, taloak ere eskainiko dituzte Laugan. Ateak 19.00etan ireki ondotik, 19.30ean hasiko da Patxarangaren saioa. Errobiren emanaldia 21.00etan izango da. Eta Xutik taldea 23.30etik goiti ariko da festari jarraipena ematen. Gure kulturaren ondare bizia da Errobi. Haien kantuek ez dute gaurkotasunik galdu, ez hitzei dagokienez, ez eta musikari erreparatzen badiogu. Anje Duhalde eta Mixel Ducauren aldamenean izango dira Txomin Duhalde, Remi Gachis eta Iñigo Telletxea musikariak, normalean Anje Duhalderekin aritzen direnak. Umetatik ezagutu du Txomin Duhaldek aitak Errobirekin egindakoa eta orain bere ahots eta eskuetan plazaratzeko aukera izango du. Belaunaldien arteko batura bat irudikatuko du, nolabait ere, Errobiren itzulera honek. SARRERAKGARA eta NAIZeko harpidedunek dagoeneko sarrerak eskuragarri dituzte, NAIZen Harpidedunen Txokoan. Gainerakoek «spectacles.bayonne.fr» helbidean eskuratu ahal izango dituzte irailaren 23tik aurrera.