25 SEPT. 2024 Gizarte modernoaren gaitzen erradiografia gordina: «On falling» «On falling» filmeko lantaldea, Kursaalean. (Idoia ZABALETA | FOKU) Iraitz MATEO DONOSTIA Filmak irauten duen 104 minutuetan Joana Santosek gorpuztutako Aurora pertsonaiaren barne korapiloa sumatzen du ikusleak ere sabelean, Sail Ofizialean lehian den “On falling” filmean. Egungo gizarte modernoaren gaitzen erradiografia zehatz eta sotila egiten du Laura Carreira zuzendari portugaldarrak: prekaritatea, bakardadea, etxebizitzaren auzia, ustezko arrakasta irudikatu beharra, alienazioa, osasun mentala… Bizi garen gizarte kapitalistan erorketa baten bultzatzaile nagusiak izan daitezkeenak, azken batean. «Ez genuen soilik kontatu nahi protagonistaren lana zein txarra den edo alderdi ekonomikotik izan ditzakeen zailtasunak. Existentzialagoa izatea nahi genuen; zein kostu dauka horrela bizitzeak? Hori galdetu nahi nion ikusleari», zehaztu zuen Carreirak. Eskoziako biltegi handi batean egiten du lan Aurorak, lantokiko lan mekanikoak, eta hilabete amaieran justu-justu ordaintzen duen pisu partekatuko bakardadeak irensten du. Protagonistak berak nor den eta zer nahi duen zalantza egiteraino, tentsioa eta enpatia landu ditu Carreirak bere lehen lan luzean. «FILM POLITIKOA» Egungo gizarte kapitalistari kritika egiten dio filmak, errealitateko ekintza xume eta xehetasun txikietan arreta jarriz. Esate baterako, hedabideen aurrean egindako agerraldian azaldu zuen zuzendariak Eskozian filmatua dela, baina hiria «anonimoa» dela aldi berean: «Pertsonaia etxean bizi da, baina baita biltegian ere, eta erakutsi nahi izan dugu zer-nolako deskonexio maila duen hiriarekin». Epairik gabe lan egiteko apustua egin du lantaldeak; beraien iritziz, oso garrantzitsua baitzen «adeitsua» izatea; «zenbaitetan ilunegiak izaten dira horrelako filmak, eta pertsonaiak errudun egiten dituzte. Kasu honetan, pisukide eta lankideek ere ahal duten guztia egiten dute protagonistari laguntzeko, baina egiazki gertatzen dena da ez dutela denborarik elkar ezagutu eta zaintzeko». Gizarte honetako beste sintoma bat, alegia. Film politiko eta soziala da, beraz, eta Carreira argi mintzatu zen horren inguruan: «Erantzukizun eta ardura bat dugu gizarte honekiko, eta heldu egin behar zaio. Zenbaitek ekidin egiten dute, baina ez dugu ahaztu behar hori ere hautu politiko bat dela». Aurorak, batez ere otorduetan, etengabe eskuan du mugikorra, eta, horren inguruan galdetuta, zuzendariak argitu zuen protagonistaren «lagunik onena» dela: «Telefono mugikorrak gero eta zailago egiten du besteekin harremantzea, kontrakoa dirudien arren, deskonexio hori eragiten du. Eta hori guztiok egunero egiten dugu». Bakardadea oso presente dago eta zuzendariak argitu zuen horretan sakontzeko «eszena oso sentsorialak» egin dituela, zentzumenekin jolastuz. BAKARDADEASantos aktoreak azaldu zuen protagonista prestatzeko unean, testuaz gain, batez ere ibilerak landu behar izan zituela, baita sentsazioak ere. «Ni ere bakarrik bizitzen hasi nintzen apartamentu batean, eta Aurorak duen isiltasun hori barneratzea lortu nuen», adierazi zuen.