GARA Euskal Herriko egunkaria
TREASURE

Noraezean, tonu egokiaren bila


Ruth (Lena Dunham) eta bere aita, Edek, (Stephen Fry) Polonian barrena egiten duten bidaian oinarritzen da. Familiaren arteko tentsioak eta desadostasunak azpimarratzen dira eta, horretarako, Edek-ek bere iraganari aurre egiteko duen errezeloa eta Ruth-ek objektu sentimentalak berreskuratzeko duen obsesioa kontrajartzen dira. Batek arbasoak eta iragana ezagutu nahi ditu; besteak, aldiz, nahiago du dena ahaztu.

Oroitzapen mingarriei eta belaunaldien arteko ezberdintasunei buruz mintzo da. Bidaia hau, hauen arteko harremana aldatzeaz gain, haien familiaren sustraiekiko introspekzio pertsonala ere izango da.

90eko hamarkadako Poloniako girotzea oso eraginkorra da. Erabili duten tonu gris eta marroiek asko sendotzen dute arlo estetikoa, baita pertsonaien barne gatazkak ere.

Pelikularen puntu nabarmenetako bat Fry eta Dunham-en arteko kimika da, narrazioa umorez bustitzen baitute familia barruko tentsio uneekin. Indargunea izan zitekeen alderdi hori, ordea, ahulgune bihurtzen da; izan ere, filmak zailtasunak ditu tonu egokia aurkitzeko.

Holokaustoaren gai sakona eta serioa umore zertzeladez bustitzea oso eraginkorra izan liteke, baina kasu honetan desorekatua sentitu dut; gai nagusi hori sentsibilitatez lantzen da, baina Ruth-en bizitza pertsonalari buruzko pasarteak nahiko azalekoak dira eta narratiba nagusia zein erritmoa kaltetzen ditu. Narrazioak ez du behar bezalako sakontasunik erakusten.

Bisualki txukuna da eta emozionalki oso aberatsa, baina tonuen nahasketa ez da eraginkorra. Eta erritmoa ere nahiko irregularra da; honek indarra kentzen dio osotasunari.

Lastima da. Film ederra izan zitekeen, baina erdizka geratzen da.