28 SEPT. 2024 Lerro gorriak Errusia zurian, mehatxu nuklearra, Trump eta Zelenski Dabid LAZKANOITURBURU Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea AEBetara joan berri da bere «bake plana» aurkezteko asmotan. Errusian barrena erasotzeko baimena lortzea helburu duen «bake» plana. Plana aztertzeko prest azaldu berri den Vladimir Putin Errusiako presidenteak agindutakoa bete omen du, betiko bere eran. Eta arma atomikoak dituen edozein herrialderen babesarekin, etsai batek Errusiari arma konbentzionalekin eraso egingo balio, Errusiak arma nuklearrekin erantzuteko «eskubidea» bermatuko liokeen dotrina militarra aldatzeko erabakia iragarri du. Errusiak Ukrainari egiten diona ezin dio, omen, Ukrainak Errusiari egin. «Azken» lerro gorria Errusia zuria berpiztu duen zar «bakezalearen» ahotik. Joe Biden AEBetako presidente eta ahate hankamotz eta senilak ez omen dio bere Atacms misilak Errusiako Armadaren erretagoardiara jaurtitzeko baimena eman. Hori bai, beste 8.000 milioi dolar eskaini dizkio laguntza militarrean. «Merkatari gizonik bizkorrentzat» duen Trump presidente ohiak Zelenski hartu du azkenean, eta gerra amaitzeko adostasuna agertu omen dute biek. Zein gailenduko litzateke, Trump Etxe Zurira bueltatuko balitz: Putinen misil falikoak maite dituen magnatea ala 2016-2020an ikusi genuen agintari prebisiblea?