30 SEPT. 2024 Bitakora Jon GARMENDIA Idazlea Ni ere euri egunetan akordatzen naiz aterkiarekin. Egunerokoan esku artean izateko ohiturarik ez dudanez, edozein bazterretan ahanzten dut. Antzera pasatzen zait liburuekin; irakurtzen hasita leitzeko plazerari jarraikitasunik ematen ez badiot, edozein kantoitan uzten dut. Filmak eta telesailak, ikusten hasi, interesik piztu ez, eta hortxe geldituko dira, hilero kuota alferrik ordaintzen dudan aplikazioaren itxarongelan. Armairuetako arropa zaharrak, edo estreinatu gabeko berriak, kutxetako objektu ahantziak, gutunak eta auskalo zeren paper eta dokumentuak... eguzki-argirik ikusten ez duten gauzen almazen ttipia da bizi naizen etxea. Aurrera eta atzera naraman iparrorratz-kutxa, ene bitakora. NAIZeko “Bidaiari” aldizkari bat berreskuratu dut bertatik, adibidez, 2021eko abendukoa, leitu gabe utzia. “Atyla”, itsasoarekin hitz egiten duen ontzia, deskubritu dut horrela. Peruko Andeetako trekking bat. Detian, Ouzoud eta ahantzi ditudan beste ur-jauzi batzuk. Trinidad, mila koloretako hiria, eta Aizkorri mendilerroaren ibilbidean, burdinaren harana. Aulkitik mugitu gabe itzuli handi bat eman diot mundu ttipi bati, eta ikasi ere bai bide batez. Bizitzaren bitakoran zenbat sentimendu ditudan atzenduta, berriro hartuta freskatzeko zain. Horrekin oroitu naiz ahaztu dudan tokira aterkiaren bila nindoala.