GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Etorkizunaren ardura gure gain hartzeko ordua


Hamabost urte dira Johan Rockstrom zientzialariak munduaren bederatzi muga ekologiko identifikatu zituela. Bestela esanda, zuzenago, gizakiok Lurrean bizitzeko baldintzak bermatzen dituzten bederatzi aldagai jasotzen ditu sailkapenak. Izan ere, arazoa guk -eta beste izaki bizidunek- daukagu, ez planetak bere horretan. Lurrak Lur izaten jarraituko du, gizakiokin edo gabe. Bederatzi muga horietatik, sei dagoeneko gainditu direla badakigu 2023tik, besteak beste, biosferaren integritatea, klima aldaketa, ur gezaren erabilera eta produktu sintetiko berrien zabalpena (plastikoa, adibidez).

Bada, aurreko astean Potsdameko Klima Institutuak esan zuenez, zazpigarren muga bat zeharkatzeko zorian gaude, dagoeneko gainditu ez badugu. Ozeanoen azidifikazioari buruz ari gara. Erregai fosilak erretzeak atmosferan pilatutako karbono dioxido kantitatea biderkatu du. Itsasoak xurgatzen du CO2 horren zati handi bat, baina prozesu horrek azido karbonikoa sortu eta uraren pHa txikitzen du. Honek kate trofikoaren oinarria ahultzen du, arrain batzuen arnasa hartzeko gaitasuna murrizten du eta, azkenik, karbono dioxido soberakinak xurgatzeko ozeanoek duten ahalmena baldintzatzen du. Finean, ozeanoen funtzio ekologiko garrantzitsuenetako batzuk galarazten ditu azidifikazioak, horrek dituen ondorio global guztiekin.

Izan ere, planetaren mugak konektatuta daude elkarren artean, batak besteari eragiten dio, onerako eta txarrerako. Kasu honetan, bistan da, gure kalterako. Era berean, komeni da kontuan izatea muga guztiak ez daudela zuzenean lotuta erregai fosilekin, eta arazo ekologikoak ez direla klima aldaketara mugatzen. Guztiak daude hertsiki lotuak gizakion ekintzetara, ordea. Urte asko daramatzate zientzialariek datorrenaz abisatzen, baina etorkizun urrun bateko gauzak ziruditen hasieran. Gero, ondorioak gurean ikusten hasi garenean, hain larria ez dela pentsatzeko tentazioa izan dezake nor edo nork. Baina gaur egiten dugunaren araberakoa izango da gure ondorengoen bizitza. Ardurak gure gain hartzeko garaia da.