01 OCT. 2024 32 urteko kartzelaldia amaitu da Joseba Arregi Erostarbe oñatiarrarentzat Joseba Arregi Erostarbe, espetxealdi luzeenetakoa jasan duen presoa, kalean da. 1992an atxilotu zuten Bidarten eta orain arte iraun du zigorrak. Iaz, jada 77 urte zituela, espetxera itzularazi zuten, hirugarren gradua onartu ostean. Martutenen agortu du kondena. Arregi aske uzteko eskatu zuten iaz Oñatin, hirugarren gradua eten ondoren. (Gorka RUBIO | FOKU) Ramon SOLA DONOSTIA Joseba Arregi Erostarberentzat bukatu dira lehenik Estatu frantsesak eta urte batzuk geroago Estatu espainolak ezarritako kondenak. Horien ondorioz 32 urte eta erdi eman ditu kartzelan, 1992ko martxoaren 29tik orain arte, ia etenik gabe. Beste datu adierazgarri bat: Polizia frantsesak Bidarten atxilotu zuenean 46 urte bete berriak zituen Arregik eta orain 78 dituela askatu dute. Etxeratek baieztatu zuen atzo kondena amaitu zaiola. Hamarkada hauetan zehar, hasteko, zortzi urtez preso izan zuten Estatu frantsesean. Espainiaratua izan ostean kondena gehiago ezarri zizkion Auzitegi Nazionalak. Denbora gehiena Euskal Herritik oso urrun igaro behar izan du: 2019. urtera arte ez zuten Euskal Herrira «hurbildu», Asturiaseko Villabonara, hain zuzen ere. Azken bi urteotan Martutenen izan da. Bukaerara arte luzatu dituzte bere aurkako neurri bereziak. Batetik, Estatu frantsesean preso egondako tartea ez da Estatu espainolean kontuan hartu, Europako irizpideak hori agindu arren; hala izan balitz, aspaldi egongo zen kalean, Etxeratek behin eta berriro nabarmendu duenez. Bestetik, adina eta horren ondorioz pilatutako osasun arazoak aintzat hartuta, aurretik aske izatea zegokion oñatiarrari. Eta, hirugarrenik, onetsitako gradu progresioak bertan behera utzi dituzte zenbaitetan. Horrela, 2022. urtean zortzi hilabetez etxean egon zen Joseba Arregi, Lakuako Gobernuak Martuteneko Tratamendu Batzordearen eskaera berretsi ostean, baina gero Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen eta berriz kartzelatu zuten. Hortik hilabete gutxira, berriz onartu zioten hirugarren gradua eta berriro baliogabetu zuten, oraingoan egun gutxian. Etxeratek baieztatu duenez, 2023ko abendutik 2. gradu arinduan egon da kalera ateratzen, eta 2024ko ekainetik, 3. graduan kontrol telematikoarekin. Denbora guztia kontuan hartuta, beraz, ia 32 urte giltzapean izan dute Joseba Arregi Erostarbe, eta kalera itzuli den preso beteranoena da, duda izpirik gabe.