01 OCT. 2024 JOPUNTUA Utikan gugandik gaizkia! Mikel ARAMENDI Kazetaria Duela hiru aste onetsi zuen, gehiengo zabal-zabalez -351 alde, 36 kontra- Estatu Batuetako 118. Kongresuak, hauteskunde-atariko azken txanpan, “Countering the PRC Malign Influence Fund Authorization Act of 2023” legea. Txinaren eragin gaiztoari aurre egiteko funtsak hitzematen ditu: 325 milioi dolar urteko, 2027ra arte. Halere, lege-izaerarekin eta ofizialtasunez jantzita, aspalditxotik egiten den zerbait diruz hauspotzera dator, besterik gabe. Azken egun hauetako adibide batek balio dezake zertan datzan ulertzeko. Titularra: «Txinako ekonomista nagusia desagertu egin da WeChaten egindako komentario pribatuen ondoren». “The Wall Street Journal” entzutetsutik datorrenez kontua, segituan hedabide askok, “The Guardian” ohoretsutik hasi eta azken txio-habiaraino, «albistea» ia hitzez hitz errepikatzen dute, ezeren argibiderik gehitu gabe. “WSJ”-koak inolako zehaztasun egiaztagarririk ez zekarren arren. Hara bada! Xi Jinping eta He Lifeng, une honetan Politburoko kidea, bigarren lehen ministrordea (hala deritzo), eta Txinako ekonomia-gaien arduradun ofizial gorena denaren artean arrakala larriren bat sortu izango dela susmatzen du irakurleak bote lasterrean. Edo, are deigarriagoa izango litzatekeena, Heren aurretikoa eta, ofizialki «erretiroa» hartuta dagoen arren, Xiren aholkulari ekonomiko nagusia izaten jarraitzen omen duen Liu He-ren arteko adiskidetasuna -mutikoak zirenetik datorrena- hautsia izango dela. Ez, ordea. Albistearen protagonista, Zhu Hengpeng delako bat omen da, aurtengo udaberrira arte Txinako Gizarte Zientzietako Akademiaren zuzendariordea zena. Iraganeko adierazpen publiko bakanetan bederen, medikamentuen politika eta prezioetan aditu bezala agertu ohi dena. Eta, ziur, Alderdiko kidea izango bada ere, XX. Kongresuko 2.300 ordezkariren artean ere ez zegoena. Osasungintzaren munduko ustelkeriaren aurka Txinan azken hilabeteetan darabilen razziaren ezagutzaileren batek, agian, irribarrez irakurriko zuen «berria». Guk, ordea, gaizkia, ahalik urrutien. Osasungintzaren munduko ustelkeriaren aurka Txinan azken hilabeteetan darabilen razziaren ezaguleren batek, agian, irribarrez irakurriko zuen «berria»