02 OCT. 2024 Gune tentsionatuak ezertan gera ez daitezen, neurriak hartzeko eskaera erakundeei Etxebizitzen eraikitze lanak, Zarautzen, joan den urteko abenduan. (Gorka RUBIO | FOKU) Iñaki IRIONDO GASTEIZ Nerea Kortajarena EH Bilduren Gasteizko Legebiltzarreko bozeramailea pozik agertu zen atzo Errenteriak gune tentsionatuaren izendapena jasoko duelako, baina hori ezerezean gera ez dadin urratsak azkartzeko eskatu zien aldundiei eta Lakuari. Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak iragarri zuenez, gaurtik aurrera eremu tentsionatua izango da Errenteria. EH Bilduk zuzentzen duen udalerria EAEn eskaera egin zuen lehenengoa izan zen eta izendapena jasoko duen lehenengoa izango da, halaber. Lasarte-Oriak, Galdakaok eta Zumaiak ere eskaerak eginda dituzte. Horri buruz galdetuta, Nerea Kortajarenak gogorarazi zuen etxebizitza, Osakidetzarekin batera, herritarren kezka nagusia dela. Baina azaldu zuenez, orain aldundiek eta Lakua neurri gehiago hartzen ez badituzte, izendapenaren eragina «oso mugatua izan daiteke». Nabarmendu zuen protokolo batzuk osatu eta azkartu behar direla, izan ere, ziurtatu zuenez, «familiek hipoteketara bideratzen dituzten diru sarrerak kontuan hartuko balira», udalerri gehiagok aukera izango lukete izendapena lortzeko. EH Bilduko bozeramailearen arabera, «gertatu daiteke, Errenteria eremu tentsionatu gisa izendatuta egonik ere, legeak aurreikusten dituen neurriak aplikatu ezin izatea, ez dagoelako ezarrita prezioen erreferentziazko indizea». EAJ ETA PSEREN ARTEKO DESBERDINTASUNAK Adierazi zuenez, «oraindik aldundiek prezioen datuak bidali behar dituzte, eta Lakuako Gobernuak egin behar du prezioen indize hori. Gero, izendatutako herriei legea aplikatu ahal izateko tresnak eskaini behar dizkie». EH Bilduren arabera, «borondate politikoko kontua da, urratsak azkartzeko eta osatzeko bakoitzak bere betebeharrak egin ditzan». Eta ildo horretan, arduratuta agertu zen, Gobernua osatzen duten alderdiek, PSEk eta EAJk, «jarrera oso ezberdinak dituztelako». Hori dela eta, legebiltzarkideak aitortu zuen kezka eragiten diola aldundiak eta Lakua legearen benetako aplikazioa «atzeratuko duen prozesu batean sartzeak». LARRIALDIANerea Kortajarena EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak gogoratu zuen «bizitoki larrialdi egoeran» dagoela Euskal Herria, eta, EAJk eta PSEk osatzen duten Gobernuei zuzenduta, adierazi zuen «bakoitzak dagozkion neurriak hartu» behar dituela.