02 OCT. 2024 PILOTA Ligaxkako bosgarrenari txapeldun izateko atea zabaldu diote kaiolan Txapelketa bi zalantza handirekin aurkeztu zuten, atzo, finala hartuko duen Bizkaia pilotalekuan. Gaur-gaurkoz ez dakite Iñaki Artola eta larunbatean Salaberriaren aurka aurre-kanporaketa bat jokatu behar duen Dario jokatzeko moduan egongo diren. Finala hartuko duen Bizkaia pilotalekuan aurkeztu zuten txapelketa atzo. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) Jon ORMAZABAL Askotan jokatu gabe geratzen den hirugarren postua bermatzeko antolatzaileek araudian sartutako aldaketa batek, final laurdenetako ligaxkan bosgarren postuan amaitzen duen pilotariari txapeldun izateko atea irekiko dio aurtengo Lau eta Erdikoan. Arrazoi komertzialengatik «kontsolazio» final hori aurten «bai ala bai» jokatu behar zela iritzita, enpresek partida horri uko egiten dion semifinalistari hurrengo urtean zerrendaburu izaera kenduko ziotela azaldu zieten pilotariei. Hauek ados ez eta azkenean erdibideko soluzio bat adostu zuten; pilotariren batek hirugarren posturako lehiari uko egiten badio, ligaxkako bosgarrenak jokatuko luke Beloki pilotalekuko partida hori, baina hurrengo urtean final laurdenetako ligaxkan egoteko partida hori irabazi eta finala jokatu beharko luke, hau da, finalistetako batek gainera, uko egin beharko lioke Bilbon azaroaren 24rako iragarria den lehiari. Gainontzean, pilota denboraldi berria irekiko duen Lau eta Erdiko txapelketa bi zalantza handirekin aurkeztu zuten, parte hartzaileen artean behar luketen Iñaki Artolak eta Dario Gomezek ez baitakite, gaur-gaurkoz, kaiolako lehian jokatzeko moduan izango diren. Biek sanmateotako ferian min hartu zuten, eskuin eskuan errioxarrak eta ezker izterrean alegiarrak, eta haien parte hartzea kolokan da oraintxe. Osatuz gero, Dariok larunbatean bere enpresako aurre-kanporaketa bat jokatuko du larunbatean, bere jaioterrian, Salaberriaren aurka. Jokatu edo ez, bihar hartuko du erabakia. Jokatzerik ez balu, aurrera goizuetarrak egingo luke eta Laso zain izango luke Bilbon, final laurdenetan. Artolari zozketak lehen partida oso zail bat ekarri dio, Lekunberrin Joseba Ezkurdiaren aurka, baina atzo egindako erresonantzia magnetikoaren emaitzek kezkatzen dute alegiarra oraintxe bertan. «Itxaron egin behar da», azaldu zuen, zuhur, Bilbora Jokin Altunaren kotxean joan zen pilotariak, eta hurrengo astean hartuko du azken erabakia. Jokatzerik izango ez balu, Zallan larunbatean Larrazabalek eta Zubizarretak jokatuko duten aurre-kanporaketako galtzailea ere txapelketan sartuko litzateke. LABRITEN IGANDEZ Labriteko denboraldia urriaren 20an hasiko da, ohikoaren kontra, igande arratsaldez. Larunbat horretan Osasunak etxean jokatzeaz gainera, Baikok proba bat egin nahi du Iruñean igandez. PILOTARIAKJokin Altunak bere bederatzigarren finala jarraian eta bosgarren txapela bilatuko ditu. Laso lehiaketara itzuliko da, iaz baja izan ondoren. Eta Zabala eta Zubizarreta dira aurpegi berriak, ataundarrak atarikoa pasatu edo Artolak jokatzeari uko egingo balio.