02 OCT. 2024 Mutilen kasuan, internet da sexuari buruz informatzeko iturri nagusia Manu Lezertua EAEko Arartekoak egindako ikerketa baten arabera, 14 eta 29 urte bitarteko gazteen artean genero estereotipoak ez dira aldatu, baina bai sexualitatea ulertzeko modua. Edonola ere, internet da sexuari buruz informatzeko iturri nagusia, bereziki mutilen kasuan. Hezkuntzan indartzea proposatu dute, integralagoa izateko. «Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean» ikerlanaren aurkezpena. (Jaizki F0NTANEDA | FOKU) Alaia SIERRA GASTEIZ Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 14 eta 29 urte bitarteko gazteen artean, eta bereziki mutilen kasuan, internet da sexuari buruz informatzeko iturri nagusia. Gainera, genero estereotipoak ez dira aldatu eta «betikoak» izaten jarraitzen dute, Arartekoak atzo aurkeztutako “Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean” ikerlanak ezagutzera eman zuenez. Manu Lezertuak azterlan hau prestatu du, EAEko gazteen arteko jarrera matxistak hobeto ulertzeko eta politika publikoak hobetzeko gomendioak egiteko. Sexu arrazoiengatiko berdintasuna bultzatzeko eta indarkeria matxista jasan duten emakumeen eskubideak defendatzeko lanaren barruan kokatzen da ikerlana. Zehazki, kasuen erdian internet da informazio iturri nagusia. Bereziki mutilen artean ikusi dute jarrera hori, neskek lagunengana gehiago jotzen dutelako. Iturrien artean, baina neurri txikiagoan, irakasleak daude, eta familia baztertuta geratu da iturri gisa. Honekin lotuta dago pornografiara sarbidea eta honen kontsumoa; izan ere, laguntzaile pedagogikorik ez izateak erraztu egiten du Internetek paper garrantzitsua izatea hezkuntza afektibo-sexualean. Gainera, pornografiak eragina du haien sexu harremanetan. Hiru gaztetik bik eduki pornografikoa ikusten dute, eta ehuneko hori %20 handiagoa da mutilen kasuan. Bestalde, gazte gehienek emakumeen aurkako indarkeria matxista lehen mailako gizarte arazotzat hartzen dute, baina sexuen arteko aldeak esanguratsuak dira: nesken %74k uste du hala dela, baina mutilen artean ehuneko hori ez da erdira iristen. Ikerketaren emaitzek erakusten dutenez, gazteek oraindik ere genero estereotipoekin borrokan jarraitzen dute -adibidez, mutilen %50ek uste dute neskak beraiek baino maitasun handiagoa emateko gai direla-. Hala ere, gehiago jabetzen dira genero estereotipoen existentziaz. Gainera, sexuaren araberako segregazioa dagoela ibilbide profesionalean egiaztatu dute azterlanarekin -adibidez, osasun ikasketetan %77 emakumeak dira, eta ingeniaritza ikasketetan %29 baino ez-. Halaber, kirol arloan antzeman dira genero estereotipoak indar handiagoarekin. Etxeko lanen eta zaintza lanen banaketan ere desoreka ikusten da, eta neskenganako presio sozial nabarmenagoa da erakargarritasun fisikoari dagokionez. Bikote harremanei dagokienez, askotarikoagoak eta malguagoak direla nabaritzen da, nahiz eta maitasun erromantikoaren mito batzuek hor jarraitzen duten. FEMINISMOA HURBILDU Egoera horren aurrean, Arartekoak hainbat gomendio egin dizkie administrazioei: lehenengoa, feminismoa gazteei hurbiltzea, mezu pedagogikoagoen bidez. Arrazoia da berdintasunak onarpen handia duela belaunaldi horren artean, baina feminismoak ez du lortu gazteen zati handi batekin konektatzea, batez ere gizon gazteekin. Hala, ohikoa da mugimendu feminista erradikalegiak iruditzen zaizkien kontsignekin eta mezuekin lotzea. Bigarren gomendioa da euskal administrazio publikoek arreta handiagoa jartzea estereotipo sexistak zalantzan jartzeari. Heziketa arautuan ematen den sexu hezkuntzan balio etikoak sartzea proposatu du, «gure gorputzak nola funtzionatzen duen azaltzeko hezkuntza integrala izan dadin, ez soilik fisiologikoa». Halaber, sexuan oinarritutako berdintasunaren mezua gazteen artean hedatzeko, gomendagarria da hezkuntza araututik kanpo jardutea, bereziki aisialdian eta kirolean. AISIA ETA KIROLAArartekoak uste du aisiaren espazioak, eta bereziki kirola, funtsezkoak izan daitezkeela gazteriarentzat, hezkuntza araututik kanpo geratzen direlako. Berdintasunaren ikaskuntzan modu sendoagoan aurrera egiteko aukera ematen dute.