GARA Euskal Herriko egunkaria
MEMORIA OSOA EKIMENA

Guardia Zibilek eragindako biktimak ikusaraziko dituzte urriaren 12an

Memoria Osoa ekimenak urriaren 12an ekitaldia antolatu du, Guardia Zibilak eragindako biktimak ikusarazteko asmoz. Egun berean Guardia Zibilak Gasteizen desfile bat egingo duela ezagutarazi zuen, eta horrek birbiktimizazioa dakarrela salatu zuten Memoria Osoa taldeko kideek. Lakuaren Gobernu berriak «norabide aldaketa» bat eman duela ere gaitzetsi zuten.

Martxelo Otamendi, Memoria Osoa ekimenaren inguruan hizketan, atzo. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Memoria Osoa ekimenak urriaren 12an ekitaldi bat egingo du Gasteizen. Atzo agerraldia egin zuten egitasmo berriaren berri emateko. Azken egunetan jakin da urriaren 12an Guardia Zibilak desfile bat egingo duela Arabako hiriburuan. Memoria Osoaren iritziz, ikusirik batzuek gorputz militarra «goraipatuko» dutela, beraiek eragindako biktimak «bisibilizatu eta ahotsa emateko» helburuarekin egingo du ekitaldia Memoria Osoak.

Era berean, atzo azaldu zuten Maider Etxebarria Gasteizko alkateari eta Marisol Garmendia Estatu espainoleko ordezkariari bilera eskaera bat helarazi dietela, beraiek sentitutakoa aurrez aurre kontatzearren.

Ekimenaren izenean, Martxelo Otamendi (2003an torturatua, GEEAk Espainiako Erreinua zigortu zuen Konbentzioaren 3. artikulua urratzeagatik), Axun Lasa (1983an torturatua, Josean Lasa bahitu, torturatu, erail eta kare bizian lurperatuaren arreba), Unai Romano (2001. urtean torturatua, eta komisariatik igaro osteko haren irudiak munduari bira eman ziona), Enkar Blanco (1992an torturatua, Nazio Batuek aitortua), Idoia eta Begoña Zabalza (1984an hil arte torturatutako Mikel Zabalzaren arrebak; haren gorpua 21 egunez desagerrarazi zuten), Pilar Garaialde (1980an torturatua eta berriki Gogoraren zuzendaritza kontseilutik baztertua) eta Susana Atxaerandio (2002an torturatua) izan ziren Gasteizeko agerraldian.

Joan den abuztuaren 2an Memoria Osoa ekimeneko kideak Gasteizen protesta egin zuten, bertako udal gobernuak Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren Fundazioari hiriko urrezko domina ematearekin desados zeudelako. Egoera «saminez» ikusten dutela gogoratu zuten atzo ere: «Ikusten ari gara ekimen instituzional berriek modu ulergaitzean, pairatzen dugun diskriminazioa areagotzen jarraitzen dutela eta, are larriagoa dena, birbiktimizazioa eragiten».

BIZIKIDETZA DEMOKRATIKOA

Gogoratu zuten, aurreko agerraldietan aipatu bezala, Giza Eskubideen urraketen biktima gisa «bizikidetza demokratikoaren eraikuntza» dela beraiek eskatzen dutena. Atzoko prentsaurrekoan azken astean Bilbon, Gasteizen eta Donostian Guardia Zibilak egindako erakustaldi publikoak zein urriaren 12an Gasteizen egitekoa den desfilea izan zituzten hizpide nagusi, eta azken desfile honetara erakundeetako ordezkariak bertaratzeko deia zabaldu dela azaldu zuten. «Horrek, gorputz militarra den Guardia Zibilari omenaldia eskaintzea» suposatzen duela salatu zuten, eta gogoratu, Guardia Zibilak egindako urraketa horiek oraindik «zigorgabe» dirautela.

«Ekimen hauek eraso zuzena bilakatzen dira bere bortxaren bazka izan ginenontzat», ohartarazi zuten, eta beraiek pairatutako biolentziaren «apologia eta gorespen ekintza argiak» direla azaldu: «Aldi berean, eragindako minaren aitortzarik, ez eta egin zigunagatik erantzukizunik hartzea ere eskatzen ez zaion institutu armatua bera zuritzeko estrategia bat da».

LAKUAREN «NORABIDE ALDAKETA»

Azken hauteskundeen ondotik, giza eskubideen, memoriaren eta biktimen arloari dagokionez, Lakuako Gobernu berriaren barruan ematen ari den «norabide aldaketa» nabaria dela azaldu zuten: «Badirudi kudeatzaile berriek egun batetik bestera ezabatu nahi dutela azken hamar urteotan gehiengo sozialak ahalegin, ausardia eta itxaropen handiarekin eraikitakoa, agian gure biktima izaerarengandik ondorioztatzen diren erantzukizun penal eta politikoei aurre egiteko prest ez daudelako».

Norabide aldaketa horretan, Memoria Osoa ekimenaren iritziz, «bizikidetza eraikitzera baino kontakizun bat inposatzera bideratuagoa dagoen estrategia baten ardatz nagusia» da Gasteiz. Eta uste du datorren astean egingo duten desfilea bera zein Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa izan daitezkeela bi adibide garbi.

Ekimenaren bozeramaileek adierazi zutenez, erakundeen zereginak berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioetan oinarritu behar du. Eta erakundeei deia egin zieten, birbiktimizazioa utzi eta «profil ezberdineko biktimen artean dagoen asimetria gainditzeko ezinbesteko erronkan erakunde eraginkor gisa aktiba daitezen».

«Erakunde gisa herri honen indarkeriaren historian biktimario nagusietako bat omentzeak, bere bortxa pairatu zuten milaka pertsonen erasoa, umiliazioa eta birbiktimizazioa eragiten du», esan zuten. Eta gaineratu zuten elkarbizitza-esparrua termino demokratikoetan artikulatzea dela partekatzen duten erronka nagusia, «eta horretan dabil gehiengo sozial, politiko, sindikal eta instituzionala», zehaztu zuten.

«Prozesu honek guztiak, elkarbizitza eraikitzearenak, zerbait irakatsi badigu, izan da aurrera egin ahal izateko elkarrizketa, adostasuna eta batez ere, gure gizartearen aniztasunarekiko errespetua ezinbestekoak direla», nabarmendu zuten. Urriaren 12an, Gasteizen bertan egingo den ekitaldian parte hartzera dei egin zuten, ekitaldiaren inguruko zehaztapenak aurrerago emango dituztela esanez.

URRIAK 12

EH Bilduk «kezka handia» agertu zuen, Gasteizko kuartelean bildutako Guardia Zibilak urriaren 12an desfile militar bat egingo duela iragarri ostean. Udaletxea dagoen plazan egingo da, eta alderdi subiranistaren ustez, hori «jauzi kualitatiboa» da.

Iragarpen honek «Espainiako institutu armatua normalizatzen eta zuritzen saiatzea» du helburu, EH Bilduren ustez. «Euskal Herrian torturaren arduradun nagusia izan baita milaka biktimarekin, Lakuak eta Nafarroako Gobernuak egindako txosten ofizialetan jasotzen den bezala». Horregatik, argi adierazi zuen alderdi subiranistak «erabat onartezina» dela «tortura zuritu nahi izatea eta Guardia Zibila goraipatzea, biktimak umiliatuz».

«Ez gaitu hainbeste harritzen PSEk, uko egin baitzion Urkulluren Gobernuak torturari buruz egindako txostenari berari, parte baitziren. Baina bai harritzen gaitu tokiko gobernu horretako kide den EAJk», adierazi zuen ohar batean. Gasteizko Udalari eta bere Gobernuari jarrera berriz aztertzeko eskatu zion EH Bilduk. «Urriaren 12an euskaldunok ez dugu ospatzeko ezer», amaitu zuen.