GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Erosistemen nahasian


Hau planeta nahasia, bere mundu guztietan. Nahasi-mahasi. Ikusi-makusi. Lehen ekosistemak nagusi, egun erosistemak. Lehen soropila izan, gaur zementu zabalean zoro pila. Nahasian iparrorratz gizajoa ere, gertuko metalek baldintzatuta, orratza orain harantz, honantz orain; iparra nahieran, batzuen bakea beste. Misilen metalek baldintzatu, metal kritikoak. Kolpea gero, metalei kritiko esatea, kritikoa metala misil bihurtu duenaren sena denean. Arroka ama gizajoa, jakitekotan zer gairi emango zenion ostatu! Total, nekazariek soroan nekatuz, meatzariek meazuloan zulatuz eta armagintzako horiek zoroan zoratuz. Nekazariek elikatuta guztiak!

Mundu asko tentsionatuta, baina ez dago nazioartean aitorpen horretarako erakunderik. NBE bera barregarri, ebazpenak ebatsita, beto eskubidedunek betoa jarrita. Horri ere eskubide esatea! Halako eskubideak eskuetara heltzeko bidea baino ez dira. Gaur gutxitan heltzen da eskuetara, estadioen inguruan ez bada. Airea da gatazka eremu tentsionatu nagusia; eskuetara lehen, zeruetara orain. Suzirien aroa, su-zoroena. Berdin balistiko, gurutzaldiko edo taktiko, denak dira misilak, metal kritikodunak. Lurretik zerura eta zerutik lurrera, beste leku batean, jakina, baina erabilera bakarrekoak. Ekonomia zirkularrik ez horretan. Garapen iraunkorra NATOrena, armen ekoizpena iraunarazi behar dela esanez, bakea helburu. Pikutara horien bakea, eta barka nazatela piku jatorrek.

Ez, zerua ez da lehen izan zena. “Misil maitea zeruetan zarena, santu izan bedi zure kemena, defendatu erreinua, bete bedi zure helburua, zeruan bezala lurrean ere”. Total, ezintasuna bidaide altxatzetik oheratzera arte. Asmatu behar dut ezintasuna ahal bihurtzen, gertutik hasita, kritiko izatea ez baita nahikoa. Irudimena agintari!