GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Jotzaileen erresuman, Zabaleta are handiagoa egin zen Peñak lagunduta

Martxel Iztueta gazteak bikain eutsi zion finalaren lehen erdian, Altuna eta tolosarra 12-11 joan ziren aurretik lehen atsedenaldira, baina azken txanpan etxarrendarra erabat nagusitu zen eta Peñak etekin ederra atera zion haren nagusitzari.

Jon Ander Peña eta Jose Javier Zabaleta, pozarren, euren garaikurrekin. (Iñigo URIZ | FOKU)

Jon Ander Peña eta Jose Javier Zabaleta, txapelketaren lehen erdian hanka bat kanpoan zuen bikotea, aurtengo Masterseko txapeldun berriak dira, Nafarroa Arenan jokatutako finalean Altuna-Iztuetari 22-13 gailenduta. Aurrelari tolosarraren lan bikaina gutxietsi gabe -bide batez uda hasierako sanferminetako kaiolako arantza atera ahal izan zuen Altunaren aurrean-, Jose Javier Zabaletak izan du garaipen honen «errurik» handiena, eta datuak argiak dira. Lesio baten ondorioz etxarrendarrak galdu zituen lehen bost partidetatik bakarra irabazi zuten, eta ordutik aurrerako beste bostetan 22ra heltzea lortu dute. Jokin Altunak, bere aldetik, bere palmares oparoa borobildu ezinik jarraituko du beste urte batez.

Zabaletari galdetuta, beti esan izan du Ogeta duela bere frontoirik gustukoena, han sentitzen dela erosoen, baina Nafarroa Arenak ere bere faboritoen artean behar du, ez baititu alferrik bertan irabazi Binakako bi txapel eta Masterseko bat. Jotzaileen erresuma da Iruñeko frontoi erraldoia, eta jotzaileen artean, binaka jokatzeko bederen, etxarrendarra da gaur-gaurko eta betiko erregea.

Ostiraleko lehen finalerdiak bezalaxe -orduan gaur egun aurre egin diezaiokeen bakanetako bati egin zion aurre-, atzoko finalak bi zati oso desberdin izan zituen; orekatua eta lehiatua izan zen lehen erdia -Altuna eta Iztueta tanto baten aldearekin joan ziren lehen atsedenaldi luzera Zabaletaren txakalalditxo bakarrari esker 12-11-, baina hortik aurrera Zabaletak atzean agindu zuen eta Jon Ander Peñak etekin ederra atera zien bere atzelariak irekitako zuloei. Ostiralean kamuts antzean aritu bazen, atzokoan ederki itxaron zion bere aukerari eta, unea heldu zenean, aurrera pauso bat eman eta bikain amaitu zuen.

IZTUETA GASTATU

Bere lehen mailako lehen finalean, etorkizunean etxarrendarrari lanak emateko moduan egon daitekeen Martxel Iztuetak eraman gabe utzi zuen Peñaren lehen sakea -aurrelari tolosarrak ongi ikasia ekarri zuen lehen pilotakada motz eta ezker pareta ukituz egin behar zuela-, baina ez zion kalte handirik egin eta bikain eutsi zion Zabaletari aurre egiteko erronka izugarriari. Sarri aurrelarien gantxo eta erremateek txunditzen bagaituzte ere, etxarrendarra eta tolosarra bezalako bi atzelari dotoreen -koadroko eleganteenak zalantza handirik gabe- arteko piloteoak ere pilotazalerik exijenteena asetzeko modukoak izan ziren. Eskua garbi sartu zioten pilotari eta erronka ederra izan zuten.

Oraindik fisikoki erabat egin gabe eta ofizioa ikasteke dagoen pilotari bat izateko, Zabaletari horrenbeste denboran eutsita eta osatutako txapelketarekin oso gustura egoteko motiboak ditu tolosarrak, onenen ateak geratzeko jo dituela ematen du-eta, nahiz eta azkenerako luze egin zitzaion partida eta sake motz horietan gerria hobeto sartzen baduen zer ikasia -azkenerako bost utzi zituen eraman gabe-.

ALTUNAREN EZINA

Eta uda Nafarroa Arenan bertan sanferminetako lau eta erdikoa irabazten hasi bazuen ere, Nafarroa Arenak Jokin Altunarentzat frontoi desegoki bat izaten jarraitzen du, bereziki binaka eta jotzaile baten aurka aritu behar duenerako.

Pilota asko eta bizi irteten da frontisetik, eta honek urrunetik sartzera behartzen du aurrelaria, horrek dakarren arriskuarekin. Finalaren lehen zatian lortu zuen, tarteka, aurkariei mina egitea meritu handiko tantoekin -txokoan ezker boleaz eta bi paretako bat bereziki ederrak-, baina erditik aurrera protagonismorik gabe utzi zuten aurkariek erabat, eta ezinean aritu zen.

Gainera, amezketarra kexu agertu da Peña-Zabaletak azken txanpa horretan erabili duten pilota erabat gelditu delako, «baloi bat zirudien», eta horrek are zailagoa egin zion berez ere batere erraza ez zuen lana. Aurrekoan bezala, uda honetan pilotari dezente kexatu dira materiala azkarregi gastatzen delako, honek partida asko gehitxo luzatu dituelako eta honek esfortzu handiak kateatzera daramatzalako izar handiak, horrek dakarren arriskuarekin. Baina atsedenerako betarik gabe, Lau eta Erdiko txapelketa ate joka dute.