07 OCT. 2024 Larretik, lehen sektoreari erremintak emateko sarea, jaio da Nafar Pirinioetan Nafar Pirinioetako nekazari eta abeltzainek sektorean aurkitu dituzten gabeziei elkarrekin aurre egiteko, Larretik sarea jaio da. Duela gutxi jarri diote izena, baina duela bost urte inguru lantzen ari den proiektua da, elkarrekin ekiteko eta Nafarroako Gobernuaren aurrean «indar gehiago» izateko sortua. Larretik elkarteko kideak. (LARRETIK ELKARTEA) GARA IRUÑEA Lehen sektoreari erremintak emateko ekoizleen sarea sortu berri da Nafar Pirinioetan, Larretik izenarekin. Funtsean, lehen sektoreak Euskal Herriko toki honetan dituen gabeziak eta erronkak identifikatu eta hauei aurre egiteko bidea aurkitzeko elkartu dira. Sarearen izena aukeratu berri dute, Iñaki Zoko elkarteko kideak NAIZ Irratian azaldu zuenez, baina duela lau edo bost urte inguru sortu zen honen hastapen bat. Orduan, herri eta bailara desberdinetako kargu publikoak elkartzen ziren, helburu batekin: Nafarroako Gobernuaren aurrean indar gehiago izatea, «bakoitza bere aldetik joanda baino». Talde handian sektorearen gabezien diagnostiko bat eginda, sektore-talde txikiagoak sortu ziren; bakoitzak berari zegozkion erronkak hartu zituen bere gain eta gabezia horiei «buelta emateko» lanean hasi zen. Lehen sektoreko produktoreei elkarte honek «gauza askotarako» balio izan diela adierazi du Zokok, baina inportantea izan da beraientzat Nafar Pirinioak «komunitate bezala» elkartu izana. «Azken batean, Pirinio mailan ditugun arazoak eta beharrak oso antzekoak dira bailara batean edo bestean. Orain arte, bagenekien antzeko beharrak genituela, baina ez ginen elkartzen eta ez genuen elkar ezagutzen», arrazoitu zuen. GARRANTZITSUENA, HILTEGIA Zokoren arabera, gabezia «nahiko» identifikatu ziren. Garrantzitsuena sarearentzat hiltegia izan da, ez zegoelako horrelakorik Nafar Pirinio osoan, «gertuena Iruñean edo Iruritan dago. Eta hiltegia diodanean ez diot hiltegia hiltegi bezala hartuta bakarrik, baizik eta ekonomia zirkularraren ikuspegitik». Abeltzainak eta haragia saltzeko dendak badaude, «baina galdu egiten dugu erdiko kate hori»; ondorioz, ez dakite nora doan beraien haragia eta dendek ez dakite nondik datorren saltzen duten hori. Hiltegia berreskuratu dute, behinola horretarako erabili zen eraikin batean. «Kasualitatez, Garraldan (eraikin) bat aurkitu dugu, non hiltegia mantentzen den nahiz eta baimenik ez duen mantentzen. Eguneratu egin beharko dugu, baina eraikuntza hor dago. Bat zerotik egitea baino hobe da berreskuratzea, eta administratiboki ere errazagoa da», azaldu zuen Iñaki Zokok. Turismoak dakarren kalteari dagokionez, Zokorentzat «alde onak eta txarrak ditu, gauza guztietan bezala». Azaldu zuenez, beste sektoreekin orekatuta badago, ez dago arazorik, bat besteen gainetik jartzen denean hasten direlako arazoak. Desoreka hori da, hain zuzen, sarearen kide honen ustez Nafarroako Pirinioetan gertatzen ari dena. «Lehen sektorean ere nabaria da nola ari den turismoa nekazaritza eta abeltzaintzarako lurrak bereganatzen. Irati bera aprobetxatu izan den baso bat da, bai forestalki bai abeltzaintzarekin, baina, egun, turistikoa da. Ikusten ari gara gure egunerokoan turismoa gero eta leku gehiago nola ari den hartzen», azaldu zuen. KOMUNITATEALehen sektoreko ekoizle gisa elkartzeaz gain, Nafar Pirinioetan «komunitate bezala» bat egiteko duten xedea nabarmendu du Iñaki Zokok. TURISMOASektore guztiei bezala, turismoak kalte egiten dio honi ere. Sektoreen arteko desoreka da arazoen jatorria Larretik elkarteko kideareren esanetan.