08 OCT. 2024 «Hetero», irrikak eta zauriek zeharkatutako zortzi ipuin Heteroarauak zeharkatzen ditu hainbat eta hainbat bizitza, eta arrastoa utzi ohi du. Urteetan zehar pilatutako lorratz horiei forma eman eta fikziozko zortzi ipuin idatzi ditu Uxue Alberdik «Hetero» izena eman dion libururako. Ahalegin berezia egin du idazleak istorio bakoitzarentzat forma narratibo egokiena aurkitzeko, eta bereziki landu ditu pertsonaien arteko elkarrizketak, garai eta geografia bakoitzera egokituz. Uxue Alberdi, argitaratu berri duen ipuin liburuarekin. (Idoia ZABALETA | FOKU) IRAITZ MATEO DONOSTIA Zortzi ipuin jasotzen ditu Uxue Alberdik argitaratu berri duen “Hetero” (Susa) liburuak. Emakumezkoak dira ia protagonista guztiak, eta euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez mintzo dira, «gizonekiko espektatibez eta dezepzioez: unean bertan egin eta esan ez ziren horiez». Bere barneko lorratzei lekua eginda idatzi ditu ipuin hauek. Donostiako aurkezpenean Leire Lopez editoreak izenburuari heldu zion: «Izenburuak ikusi ohi ez dena ikusarazten digu, eta marko bat ematen die ipuinei. Heterotasuna da markoa, baina ez da bikote harreman heterosexualen inguruko liburu bat. Gehiago da heteroarauak nola zeharkatzen duen bizitza oso bat, nola sortzen duen munduan egoteko modu bat». Idazleak berak kontatu zuen azken hiru urteetako lanaren emaitza izan dela: «Ez da ideia baten edo gai baten bueltan idatzitako liburu bat; ipuinak sortzen joan naiz barruak eskatu ahala, eta izenburua bidera atera zitzaidan, ohartu bainintzen Leireri (editoreari) ipuin bat bidaltzen nion bakoitzean ‘eskusatzen’ nintzela, ‘barka, oso heteroa da’ esanez, eta berak erantzuten zidan: ‘Trankil, ohituta nago’», eta entzuleen barreek bete zuten Sotoko aretoa. HETEROARAUAREN ERREGIMENA Azaldu zuen izenburua idazketa prozesuaren nahiko amaieran aukeratu zuela, baina izenburu hori jarri ez balio jende gutxik pentsatuko lukeela heteroarauaz ere ari denik liburua; «bollerek eta marikek bakarrik», zehaztu zuen irri txikiarekin. Gehitu zuen «giza harremanen inguruko» liburu bat dela esanez gero ere, ez litzatekeela gezurra, baina «ordena heteropatriarkalaren barruan» mugitzen direla idatzi dituen ipuinak eta pertsonaiak. «Protagonistak ez daude eroso jokoaren barruan, baina ez dute jokoa uzten», esan zuen. Tentsioa ere nagusi da liburuan; izan ere, idazlearen arabera, protagonistek aldi berean nahi dute «hor egon eta alde egin». Oso liburu pertsonala dela aitortu zuen Alberdik, baina uste du idazlearen begirada bezain presente dagoela egilearen eta ipuinetako narratzaileen arteko distantzia. Ipuinen abiapuntuan esperientzia pertsonal bat omen dago, baina interesgarriena fikzionatzean gertatzen dela esan zuen. «Heteroa izateaz baino, hetero jarduteaz» hitz egin beharko litzateke, Alberdiren iritziz, heterosexualitatea erregimen politiko bat izateaz harago, eguneroko ekintzetan dagoelako. ASKOTARIKO IPUINAK ETA PERTSONAIAK Aitaren figurak liburuan pisu nabarmena duela esan zuen, «odoleko aitek, eta aita kultural zein politikoek»; eta galdera bat pausatu zuen: «Zer gertatzen da aldi berean aita hiltzeko, sinbolikoki, eta bizirik iraunarazteko bulkada duzuenean? Lau ipuinetan agertzen da kinka hori, desira kontrajarri eta aldiberekoa». “Irla” ipuinean, esaterako, kinka hori «errefuxiatu politiko miretsiekiko desengainuan gorpuzten da», azaldu zuen. “Literatura lezioak” ipuinean, berriz, aita kulturalekiko harreman itogarriak lantzen ditu. Askotariko ipuinak bildu ditu Alberdik kaleratu berri duen liburuan: bi ipuin dialogatu (bata antzerki formatuan eta bestea Whatsappeko elkarrizketa forman, biak ahozkotik gertu), ipuin zatikatu bat, 2025-1975erako atzeranzko kronologia marrazten duena, eta bost ipuin narratibo. Pertsonaien hitz egiteko modua asko landu duela aitortu zuen, «pertsonaien nortasuna ezaugarritzeko bereziki baliatu dut haien hizkera, berbaz espresatzeko duten modu partikularra, eta uste dut horrek musikalitatea ematen diela ipuinei, geografia batean eta garai batean kokatzen dituela, gorputz eta posizio jakin batzuetan». IRIDOLOGOAAlain Urrutiak marraztutako begia da azalak dakarrena. Alberdiri iridologo batek begiak «nerbio sistema ukituta» zuela azaldu zion.