09 OCT. 2024 Asteburu osoko egitaraua izango du Zangozako Nafarroa Oinezek Urriaren 19 eta 21 bitartean Zangozan egingo den Nafarroa Oinezen egitaraua aurkeztu zuten atzo. Kontzertu, gastronomia eta bestelako jarduerez gozatzeko aukera izango da. Familia gutxiko ikastola batek elkarlanean egindako lanaren fruitua dela nabarmendu zuten. Zangozako Nafarroa Oinezen antolatzaileak, Iruñean egin zuten aurkezpenean. (Idoia ZABALETA | FOKU) GARA ZANGOZA Zangozako Ikastolak Nafarroa Oinez jaialdiaren egitaraua aurkeztu zuen atzo. Nagore Oria zuzendariak adierazi zuenez, duela urtebete Andra Mari Ikastolaren lekukoa «ilusioz eta arduraz» hartu zutenetik, Zangozaldeko euskaltzaleek hainbat ekintza antolatu dituzte auzolanean, Zangozako Ikastola osatzen duten herri guztietan (Kaseda, Oibar, Gabarderal, Ledea, Esa eta Irunberri) euren helburuak zabaltzeko. Oriaren hitzetan, «familia gutxiko Ikastola xume batetik abiatuta, gai izan gara auzolanean sare bat sortzeko, urtebetez jarduerak maitasunez prestatzeko, eta jai eta ospakizun egun batean amaitzeko. Horren helburua ikastolen ahotsa altxatzea izan da, euskarari, identitate eta etorkizun gisa, bultzada emateko. Nafarroari eta Euskal Herri osoari erakutsi nahi diegu bide hau aukeratu dugunok bermatuta dugula kalitatezko hezkuntza bat, euskalduna eta kooperatiboa, non emaitzek urtez urte bermatzen gaituzten». Urriaren 19an, larunbata, gaiteroek eta txistulariek dianekin esnatuko dituzte kaleak eta, ondoren, Erdialdeko txalaparta taldeak ekitaldien asteburuari eta Artisautza Azokari hasiera emango die. Arratsaldean, Maria Aranda magoak eskainitako “Magia eta mirariak familian” ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Iluntzean, 20.00etan, Mugan pop-rock talde donostiarrak joko du. Ekitaldi guztiak Arkupeetan izango dira. URRIAK 20, OINEZ EGUNA Urriaren 20an Piztu gunea (lehen gunea) Zangozako bandarekin esnatuko da. Eguerdian Motxila 21 taldeak joko du, eta, ondoren, Mingain Dantzari ikuskizuna. Ortzadar taldeak bazkalostea girotuko du eta Eztitan taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango dute. Larrain dantzarekin itxiko dute eguna. Gune honetan txikienek puzgarriez eta haurren hiriaz gozatuko dute. Mintzatu gunea (bigarren gunea) Gora Musikarekin hasiko da. Ondoren, Herri Kirolak, Dj Martzel, Ibil Bedi, Anari eta Lumak. Gainera, tailerrak egingo dira egunean zehar. Gozatu gunea (hirugarren gunea) Falkoneriaren ikuskizunarekin hasiko da, eta ondoren Kiki Koko eta Moko. Gune honetan Leihotikan, Kaleko Urdangak eta Trikidantz entzun ahal izango dira. Alderdi horretan kokatuko dituzte zezen mekanikoa eta «barredora». Ibilbidean zehar Ekialde Kantuz, Eskartxa, Katxi eta Ilunberriko txarangak, Zangozako eta Irunberriko gaiteroak, Oibar edo Zangozako erraldoiak, Mugarik Gabeko Ttunttuneroak, Xapiru Trikitixa Eskola, Euskal Herriko Joaldunen Biltzarra… Erronka, Nafarroako hamaika ikastoletako ikasleak biltzen dituen ekimenak, euskara eta ohitura osasungarriak bultzatzeko asmoz, bere protagonismoa izango du, eta ibaian hasi, ibilbidetik igaro eta Gozatu eremuan amaituko diren lau proba izango ditu. Edizio honetan ere Bernat Etxepare Lizeoaren txarangak eta Dj-ak girotuko du. Ibilbideko zenbait tokitan, informazio puntuak, puntu moreak, osasun eta edoskitze eremuak kokatuko dira. Gainera, telefono zenbakia txikien besoan jartzea gomendatzen dute antolatzaileek, eta horretarako errotuladoreak egongo dira. NOLA IRITSI?Autoak P1, P2 eta P3 aparkalekuetara bideratuko dituzte, hurbiltzen diren errepidearen arabera. Autobusak Esako irteeratik eramango dituzte. Berrikuntza gisa, motoek beren aparkaleku izango dute, autokarabanen aparkalekuaren aldamenean, Yamaguchi hotelaren ondoan. Ikastolaren ondoan mugikortasun murriztua duten pertsonentzako lekua erreserbatzeko aukera ere izango da.