GARA Euskal Herriko egunkaria

Gizon gazteekin lanketa indartuko du Emakundek, haien misoginia dela eta


Datozen urteetan gazteengan zentratuko da Emakunde, azaldu zutenez, bereziki gizon gazteengan. Izan ere, hauteman dute mezu misoginoak, berdintasunaren aurkakoak eta indarkeria matxistaren negazionistak barneratzen ari direla.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak agerraldia egin zuen atzo erakundeak berdintasunaren alorrean egingo duen lanaren berri emateko. Ohartarazi zuen sare sozialetan gizonak «berdintasunaren biktima» gisa aurkezten dituzten mezuak nagusitzen ari direla eta eragin zuzena dutela gazteengan.

Horretarako, “Gela Morea” ekimena aurkeztu zuen, gazteengan eta nerabeengan zentratutako sentsibilizazio programa ibiltaria. Halaber, “Tratu On” programaz ere hitz egin zuen, familiei eta irakasleei zuzendutakoa.

INDARKERIA ETA ZAINTZA

2003tik 54 emakume hil dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haien bikote edo bikotekide ohiek, eta 2023an 6.572 salaketa jarri zituzten indarkeria matxista zela eta, Elgarrestak gogora ekarri zuenez.

Bestalde, azaldu zuen legealdi honetan martxan jarriko dutela “Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen espedienteen kudeaketa integrala” proiektuaren hirugarren fasea. EKIM atariak aukera emango du biktima bakoitzarekin espediente bakarra sortzeko.

Era berean, esan zuen etxeko eta zaintza lanak era berdinzaleago batean banatzearen alde lan egingo duela Emakundek.