GARA Euskal Herriko egunkaria

LEBRON JAMES AITA-SEMEAK BATERA KANTXA BARRUAN, MIRARI BAT BEGIEN AURREAN

NBAren historiarako irudia utzi dute LeBron eta Bronny Jamesek, NBAko partida batean aita-semeek kantxa elkarrekin zapaldu duten aurreneko aldia izan baita. Jokalari belaunaldiak lehenago ere izan dira, baina ez dira biak batera jokatzera iritsi. Lon Angeles Lakers taldeko kamisetarekin gertatu da mirari hau.

Ezinezkoa zirudiena posible egin dute LeBron eta Bronny James aita-semeek: familia bereko bi belaunaldi elkarrekin NBAko kantxan. (Katelyn MULCAHY | AFP PHOTO)

Juri Gagarin kosmonautak espazioan gizakiak sekula egin duen aurreneko bidaia egin ostean, Sobietar Batasuneko gidari lanetan ziharduen Nikita Khrustxovek zera galdetu zion: espazioan zebilela Jainkoa ikusi ote zuen. Klushinon jaiotako kosmonautak bere ohiko patxadaz erantzun omen zion: «Ez Jainkorik ez mugarik ez da ikusten espaziotik».

LeBron James eta Juri Gagarin ezin ezberdinagoak izan fisikoari dagokionez; ez bakarrik bata beltza eta beste zuria izateagatik, baizik eta Vostok 1 ontzian nekez sartuko liratekeelako LeBron Jamesen 2,06 metroak -1,57 metro zen Gagarin-. Alabaina, Jainkorik eta mugarik ez ikusteko adina egin du gorantz Akrongo hegalekoak NBAko bere karreran. Hasteko eta bat, hogeita bigarren denboraldia beteko du aurten munduko saskibaloi ligarik onenean. Bestalde, Bronny -LeBron txikia, alegia- bere seme zaharrenarekin batera jokatuko du. Jokatu du dagoeneko Los Angeles Lakers taldeko izarrak, Phoenix Suns taldearen aurka.

«Begiak itxi ditut semea eta biok kantxara elkarrekin irten garen une horretan eta... zer zen hori? Matrix? Ezin diot hitzik jarri hor jazo denari», onartu zuen LeBron James aitak partida amaitu ostean, behinola besoetan izan zuen seme txikia berarekin batera galtza motzak jantzita kantxa batean bere burua ikusi zuen unean deskribatzen saiatu zenean.

«EZ AL ZARA ZAHAR SENTITZEN?»

Ez baita, ezta gutxiagorik ere, aitak eta semeak NBAn jokatzea egokitu den aurreneko aldia. Joe Bryantek ez zuen NBAn zorte handirik izan eta hargatik Kobe bere semeak italiar hiritartasuna ere bazuen AEBetakoaz gain, saskibaloi munduan bere aurreneko urratsak aitari Italiatik segika egin zituelarik. Baina normalena, betiere, aita NBAn zebilela haur jaioberria ikustea zen, eta semea NBAra iristerako, aldiz, aita aspaldi kantxa utzita egotea.

«E! Nire aitaren aurka jokatu zenuen zure lehenengo urtean!», bota zion Houston Rockets taldeko Jabari Smith -junior- jokalariak LeBron Jamesi. «Bai zera!», harrituta erantzuna LeBron Jamesek hegaleko gazteari. «Bai. Sacramento Kingsen jokatzen zuen!», azaldu zion. «Joño! Pozten naiz!», LeBronek, gizalegez. «Ez zaitu honek zahar sentiarazten?», Jabari gazteak, jokalari biak barrez lehertzen hasteko.

Kasuak badira eta ez gutxi. Dell Curry eta Stephen Curry aita-semeek elkarrekin jokatzerik izango balute! Ai ama! Nekez aurkituko zukeen inork halako jaurtitzaile bikoterik NBAko kantxetan, baina 2002an eman zituen azken jokalari hatsak Dell aitak, eta 2009ra arte ez zuen Steph-ek debutik egin. Domas Sabonis 1996an jaio zenerako Arvydas bere aita NBAra iristea nahikoa mirari izan zen, orpazurda birritan hautsi baitzuen «Baltikoko Printzeak» eta ezin izan zuen Portlanden bere ibilia 1995era arte hasi; hau da 31 urterekin debutatu ahal izan zuen NBAn, 1982az geroztik balentria hori noiz gertatuko zain egon arren mundu guztia.

Bronny James ez da izar bat izateko jaio; berak badaki, eta bere aitak ere bai. 2004an jaio zen LeBron Jamesen aurreneko semea eta ordurako bere aita mundu mailako izarra zen. Izan ere, begien aurrean mirari bat da James aita-semeak elkarrekin ikustea, gaitasun fisikoa eta motibazioa erruz behar direlako NBAn 20 urte luzetik gorako karrera egin ahal izateko. Ezin halakorik semeari eskatu, baina egin duena bera ere ez da gutxi. Bronnyk, berriz, aitaren itzal luzeari aurre egin beharko dio hemendik aurrera, eta hala ere badu meriturik NBAra iritsi izanak, iaz bihotza geratu baitzitzaion entrenamendu baten, nahiz eta arrasto txarrik gabe osatu ahal izan den.

«MONUMENTO NAZIONALE»

LeBron eta Bronnie Jamesek elkarrekin jokatu dute, baina NBAtik at ere bada saskibaloirik eta baita antzeko anekdotarik ere. Dino Meneghinen ezizena ‘Il Monumento Nazionale’ izan zen. Gaztetan New York Knickesek NBAko draftean aukeratu bazuen ere, beti Italiako ‘Pallacanestroari’ iltzatu zen Alano di Piave 1950eko urtarrilaren 18an sortutako pibota.

Bada ordurako 40 urte zituen Dino Meneghin handiak. Bogdan Tanjevic entrenatzailearen eskutik Stefanel Triesten jokatzen zuen, eta aurrean, Ranger Varese. Eta Ranger Varese horretan zein egongo? Andrea! Andrea Meneghin, Dinoren semea. Partida gogorra izan zen, jolaserako eta txantxarako betarik ez han, eta azken minutuetan aita-semeek kantxan bat egin zuten. Dino 2,05 metroko pibot gogorra zen; Andrea, 2,00 metroko eskolta fina, artean 16 urte baino ez zituena. Azken minutu horietan ez zen bromarik eta Dinoren Triestek 89-93 irabazi zuen Andrearen Vareseren aurka.

Partida amaitzeaz bat, aitak eta semeak besarkada estu batekin elkar agurtu zuten, aurkariak izan diren bi gladiatoreen iruditik askoz urrunago joan zen besarkada.

«Ezingo nukeen semearen talde berean jokatu, semea babesteko beharrak galduko ninduelako. Kantxara irteten ikusi dudanean, oso zahar sentitu naiz, baina era berean hunkigarria izan da. Inoiz sentitu gabeko sentsazioa, oso gogorra eta berezia». Aita baten hitzak, bere semearekin kantxara ateratzean.