GARA Euskal Herriko egunkaria

Justizian hizkuntza eskubideei buruzko ikerketa egiteari uko egin diote EAJk eta PSEk

Justizia Administrazioan herritar guztien hizkuntza eskubideen berme maila aztertzeko EH Bilduk egindako proposamena errefusatu dute EAJk eta PSEk Gasteizko Parlamentuan. Horren ordez, «Justiziaren euskalduntzean aurrera egitea» eskatzen duen zuzenketa onetsi dute, neurri zehatzik gabe. Eta bi proposamenen aurka agertu dira PP eta VOX alderdiak.

EAEko Justizia Jauregia, Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu zuen atzo, Gasteizko Legebiltzarrak Lakuako Gobernuari Justizia Administrazioan herritar guztien hizkuntza eskubideen berme maila aztertzeko eska diezaion. Indar subiranistak honako hauek aztertzea eskatu zuen zehazki: Justizia Administrazioko giza baliabideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak EAEri eskualdatu zitzaizkionetik gaur arte, administrazio horretan hizkuntza eskubide oro bermatzeko hartu diren neurriak; neurri horien ondorioak eta Justizia Administrazioko langile eta erabiltzaileen hizkuntza gaitasunak, ohiturak eta eskakizunak, bai eta erabiltzaile edo langileek erabakitzen duten hizkuntzan jarduteko dituzten oztopo eta arazoak ere.

Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi zuenez, justizia administrazioaren eremua «itogunea» da euskararentzat. «Edozein prozedura judizial euskaraz egin nahi izan duen edonork bizi izan ditu horretarako dauden eragozpenak. Ia ezinezkoa da prozesu judizial oso bat euskaraz egitea», gaitzetsi zuen.

EH Bilduren proposamena atzera bota zuen EAJk eta PSOEk duten gehiengoak. Aldiz, bere zuzenketa propioa onartu zuten, Lakuako Gobernuari justizia euskalduntzean aurrera egiteko eskatzeko, Justizia Administrazioaren 2023-2032 Hizkuntza Normalizaziorako Planaren arabera eta herritarrek eta profesionalek euskarazko zerbitzuak erabil ditzaten sustatuz.

«Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Justizia Administrazioarekin lotuta hartzen dituen neurriek justizia unibertsala eta eskuragarria berma dezala, herritarren eskubideak bermatuko dituena babes judizial eraginkorra izateko, bereziki pertsona ahulenei arreta jarrita, edozein sarbide oztopo desagerrarazteko moduan», dio onartutako zuzenketaren bigarren paragrafoak, euskarari aipamenik egin gabe.