11 OCT. 2024 AZKEN PUNTUA Kirk Iker IBARLUZEA Meteorologoa Aste honetan gure lurretatik oso-oso gertu pasatu da orain egun gutxi arte Kirk deituraz ezagun egin den urakana. Gure lurretan haizete handiak eragin ditu, eta baita itsas denboralea ere, nahiz eta oso azkar igaro den. Penintsularen mendebaldean, aldiz, eurite handiak utzi ditu, haizete handiez gain. Kirk orain egun gutxi arte urakan izan da, ordea. Jendearen komentarioa da kalean, urakanak gero eta hurbilago ote dabiltzan irudipena dutela. Egia ote? Ezin da zehazki esan, baina baliteke. Atlantikoko urak urterik urte tenperatura gero eta handiagoak harrapatzen dituzte, eta tenperatura horiek latitudez gorago kokatzen dira urte batzuetan. Horrek ekuatore inguruan sortzen diren urakanei elikagaia ematen die, eta haien biziraupena luzatu. Gurean, orain, ezinezkoa da urakan bat izatea, gure itsasoko tenperatura unerik beroenean 22-23 gradutan egoten baita, eta urakan batek 27 gradutik gorako tenperatura behar baitu bizirauteko. Mediterraneoan kontuak aldatzen dira. Ez da baztertzen datozen urteetan “Medicane” izenekoren bat izatea. Hala ere, honek horrela jarraituz gero, hemendik urte batzuetara nork daki urakanen bat ez ote den espero baino iparralderago mugituko. Orduan jendearen irudipena egia bilaka liteke...