GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Europan bidea egiten jarraituko du Bera Berak: hurrengo erronka, MKS Lublin talde poloniarra

Azken momentuan Bera Berak markagailua berdindu (32-32) zuen, eta Europako bigarren kanporaketa jokatuko dute. Menendez kapitainak eta Alvarez entrenatzaileak bat datoz «taldeak oraindik asko duela hobetzeko».

Carmen Arroyo, Benficaren aurkako neurketan. (A.CANELLADA | FOKU)

Atzoko neurketa amaitu berritan, azkar batean gogora ekarri zuen Alba Menendez Bera Berako kapitainak Benficaren aurkako joaneko partida NAIZ Irratiko mikrofonoan. «Partidak erakusten du zein garrantzitsua den hango partida; kakotxen artean, bukaeran galdutako sei gol horiek. Berdinketa positiboa da guretzat, pasatu garela, baina uste dut talde honentzat ez dela nahikoa». Atzo Gascan larrutik ordaintzekotan egon ziren Portugalen azken minutuetan galdutako zortzi punturen errenta. Partidako azken bost minutuak frenetikoak izan ziren. 28. minutuan portugaldarrak 30-32 aurretik zihoazen markagailuan -kanporaketa berdinduta-. Marie Louisek eta Maitane Etxeberriak azken unean sartutako bi golekin arnasa hartu zuten donostiarrek. Europan aurrera egitea lortu dute, eta azken kanporaketa gainditzea falta zaie Europako multzoen fasean sartzeko. MKS Lublin taldea izango dute aurkari azaroan.

Lehen zatia oso parekatua izan zen. Ez donostiarrek, ez portugaldarrek ez zuten lortu aurkariari hiru puntu baino gehiagoko aldea ateratzea. Defentsan sendo aritu zen Bera Bera, eta kontraerasoan bizi-bizi atera ziren aukerak ondo aprobetxatuta. Nabarmentzekoak, Anne Erauskinek lehen zatiko bigarren erdian kontraerasoan sartu zituen golak. Neurketa osoan distira egin zuen jokalaria Elba Alvarez izan zen, zazpi golekin, baita Carmen Arroyo ere, bostekin.

Bigarren zatia nahiko parekatua izan zen arren, etxekoek dezente sufritu zuten amaieran. 20. minutuan 27-25 zihoazela markagailuan, eta Bera Berak kanporaketa oso bideratuta zuela ematen zuenean, portugaldarrek aldea murriztu ez ezik, bi aurretik ere jarri ziren markagailuan, kanporaketa berdinduta. Dena donostiarren kontra bazegoen ere, Marie Louisen eta Maitane Etxeberriaren golei esker, donostiarrek partida berdintzea lortu zuten (32-32).

«TENTSIO HANDIA»

Partida amaitu berritan, Imanol Alvarez Bera Berako entrenatzailea oraindik tentsioa gorputzetik atera ezinik zegoen. «Pozik bai, baina oraindik pixka bat urduri. Asko sufritu dugu. Gaurko partida ez zen erraza jokatzeko, ikusita han bederatzi minututan sei goleko errenta jan zigutela». Alvarezek esandakoarekin bat egin zuen Alba Menendez taldeko kapitainak. «Berriz ere hiru gora jarri garenean hamar minuturen faltan, agian hor errematatu behar genuen partida, eta berriro ere ez gara kapazak izan. Berdinketa guretzat, baina asko dugu ikasteko. Taldeak denbora behar du. Oso talde ona izateko aukera dugu». Poloniako taldearen aurkako Europako kanporaketari begira, kapitainak argi esan du helburua multzoen fasera iristea dela. «Aurreneko pausoa eman dugu; bigarren pausoa askoz ere zailagoa izango da. Zorionez, denbora dugu kanporaketa horretara iritsi arte gaurko akatsak hobetzeko. Helburua zein den argi dugu, eta horren bila joango gara».

ZUAZO ETA BETI ONAK

Ohorezko Mailari dagokionez, Beti Onakek garaipen handia lortu zuen Elxen aurka (24-20) eta Zuazok galdu egin zuen Morverderen kontra (28-22).