17 OCT. 2024 «Euskarazko sorkuntzak ez dauka nahiko hartzaile, hor dago premia» Euskal kulturgintzaren arazoa ez da sorkuntza, aberatsa baita gurean. Aurten fokua euskal kulturaren hartzaile premian jarri nahi izan delako, “Hartzea ematea DA!” leloa aukeratu dute Durangoko Azokaren 59. ediziorako. Abenduaren 5etik 8ra egingo den azokak kartel ikusgarria izango du: Udatxo eta Balu artisten collage bat, gure kulturaren erreferentziez lepo dagoen bihotz artistiko bat. Udatxo muralgile eta margolaria eta Balu artista multidiziplinarra, aurtengo kartelaren egileak. (Oskar MATXIN | FOKU) AMAIA EREÑAGA BILBO Hilabete eta erdi baino falta ez denean euskal kulturaren plaza nagusiak ateak ireki ditzan, Gerediaga elkarteak Durangoko Azokaren 59. edizioko leloa eta kartela aurkeztu zituen atzo Durangoko Landako gunean, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariaren presentziaz. Momentuz ezin zuten datu zehatzik aurreratu, oraindik izen-emate batzuk itxi ez direlako, baina «sentipenak onak direla» aitortu zigun Beñat Gaztelurrutiak, Azokaren koordinatzaileak. Atzo hutsik zegoen Landako gunea, baina aurki beste itxura bat izango du, jendez lepo egongo baita. Antolatzaileentzat ere berezia izango da seguruenik edizio hau. Hunkitu egin zen Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko presidentea, abuztuan utzi gintuen Jon Irazabali, 30 urtez Azokaren zuzendari izandakoari, aipamena egin zionean. «Ondare itzela utzi digu Jonek, eta aurtengo Azokan gogoan izango dugu», esan zuen Mujikak. «GUZTIZ ESTRATEGIKOA DA» Gaur egun Azoka indartsu bat izateagatik pozik agertu zen Nerea Mujika, baina oraindik lanerako beharra dagoela argitu zuen: «Hasierako ametsak marrazten joan gara urteotan guztiotan, eta begira zelako irudia sortu dugun: koloretsua, anitza, indartsua eta ederra, benetan ere. Hala ere, euskarak oraindik badu lan horren beharra, eta Gerediaga elkartetik ekinean jarraitzeko asmoa dugu, euskarak ez baitu trabarik eta epairik behar, guztiok kabitzeko moduko bide zabalak baizik». Andoni Iturbek, Kulturako sailburuordeak, behar duen garrantzia eman nahi izan zion Azokari berari -«guretzat guztiz estrategikoa da», berretsi zuen- eta baita egiten den gestioari ere: «Kudeaketa eredu bikaina du», aipatu zuen. Zergatik “Hartzea ematea DA!” leloa? Beñat Gaztelurrutiak eman zituen horren arrazoiak. Kultura jasotzea gizarteari bueltan emateko bide bat dela adierazi zuen, eta euskaraz jasotzen den kulturak euskaraz eta euskara indartsuago batean bizitzen lagunduko digula ere bai. Gainera, euskal kulturak bizi duen egoerari erreparatuta, kulturazale edo hartzaileen ekarpenari balioa eman zion. «Jakin badakigu euskarazko sorkuntza oso aberatsa dela, baina ez dauka nahi hartzaile bere herrian -ohar egin zuen-. Hor dago premia momentu honetan, eta Durangoko Azokak horri erantzuteko ahalegina egingo du. Azokara etortzea, ikustea, hartzea kulturgintzari hauspoa ematea ere badelako. Kultur ispilu bat da: nor garen erakusten digu eta, aldi berean, gure praktikarekin osatu egiten dugu. Kultura hori guztia da: irakurtzea idaztea da, entzutea kantatzea da, ikustea antzeztea da, aditzea pentsatzea da, egotea egitea da, hartzea ematea da». Aurtengo azokaren kartela erabat artistikoa eta berritzailea da. Hasteko, egile biren arteko elkarlanetik jaio delako, Udatxo eta Balu artisten sormenetik. Horrez gainera, sorkuntza prozesu bereziaren emaitza da: geruza ugariko artelan bat sortu eta pieza hori kartelean integratu dute. Hertzainak taldearen izena, “Dantza” filma, Azokako kartel zahar bat, “Maitasun kapitala” liburuaren azalaren zati bat... Bihotz itxura hartu duen irudi honek gertutik begiratzea eskatzen du, asko baitago hor atzean. Collage erako lanean, euskal kulturaren erreferentzia diren irudien eta Azokako aurreko edizioetako kartelen zatiak itsatsi dituzte. Udatxo muralgile eta margolaria da; Balu multidiziplinarra da, eta deskontestualizazioaren eta transmutazioaren teknikak jorratzen ditu. Aurkezpenean prozesu horren muntaketa irudikatu zuten. COLLAGE-A«Hertzainak» irakur daiteke, baita ere «Dantza» filmaren izena edo «Maitasun kapitala»... Erreferentziez beteta dago aurtengo edizioko kartela. Collage erara eginda, artelan bat da. Udatxo eta Balu artistek kartelak sinatuko dituzte Azokan.