17 OCT. 2024 AEB-ETAKO PRESIDENTETZA HAUTATUKO DUTEN ESTATU ERABAKIORRAK (II) Georgiaren patua, berriz ere auzitara bideratuta AEBetako hegoaldeko estaturik garrantzitsuenetakoa da. Azken hauteskundeetan demokraten alderantz egin du, Atlantatik kanpo nortasun kontserbadorea agerikoa badu ere. Biden gutxigatik gailendu zitzaion Trumpi 2020an. Errepublikanoak ez du onartu porrota, eta auzipetuta dago Georgian iruzurra egiten saiatzeagatik. Harrisen jarraitzaileak, Roswellen. Beste irudian, Trump, Savannahko mitin batean. (Europa Press) Urtzi URRUTIKOETXEA Aurten, nahasmena are handiagoa izateko osagai guztiak ditu Georgiak, Donald Trumpek bere esanetara otzan-otzan dauden errepublikanoak izendatu baititu zenbait konderritako hauteskunde batzordeetan. Trumpek 2020an hauteskundeak galtzearen motiboak bi izan ziren: lehena, bistan da, aurkariak baino boto gutxiago jasotzea. Alde oso txikia izan zen, zalantzarik ez, bi hautagaiak 2,5 milioitik hurbil ibili ziren, 2.473.633 boto Joe Bidenek, eta 2.461.854 Trumpek. Hau da, ia bost milioi botoren ostean, 11.779 boto gehiago soilik eskuratu zituen Bidenek. Trumpek bereak eta bi egin zituen emaitza aldatzeko. “Washington Post”-ek iaz ateratako ordubeteko grabaketan entzun daitekeenez, argi dio: «Nahi dudan bakarra zera da, 11.780 boto aurkitzea. Hamaika mila boto baino ez ditut behar. Ez da posible Georgia galdu izana. Ez da posible». Presidente ohia auzipetuta dagoen lau kasuetako bat hauteskundeak aldarazteko ahalegin honekin lotuta dago, hain zuzen ere. Trumpek, frogarik gabe, hainbat aldiz aldarrikatu zuen iruzurra egon zela Fulton konderrian; Georgiako konderririk jendetsuena da, eta estatu guztian biztanle beltz gehien dituena. TRUMP, AMORRATUTA. Telefonoaren beste aldean Brad Raffensperger zegoen. Georgiako Estatu idazkaria da, errepublikanoa Trump bezala, baina ez zen haren aginduetara jarri, eta ez zuen artean presidentea zen pertsonak eskatzen ziona egin. Hobeto esanda, hasiera batean hark esan bezala egin zuen; inolako motiborik egon ez arren, bost milioi botoak berriz zenbatu zituzten, eta, berriz ere Biden aurretik zegoela ikusita, ontzat eman zituzten emaitzak, bai Estatu idazkariak, bai Brian Kemp gobernadore errepublikanoak ere. Horren ostean, Trumpen inguruko amorru guztia alderdikide haiengana bideratu zen, heriotza mehatxu eta guzti. Era berean, jarrera independente horrek prestigio handia eman die, eta biek ere Estatuko aginte kargu gorenetan daude, Trumpek hautagai errepublikano otzanagoak aurkeztu arren hurrengo hauteskundeetan. Testuinguru honetan, eta inkestek emaitza oso estuak iragartzen dituztela jakinik, azaroaren 5ean eta hurrengo egunetan nahasmen handia egoteko arriskua dago Georgian. Egia da Donald Trumpentzat Kamala Harrisentzat baino «beharrezkoagoa» dela Georgian irabaztea: historikoki estatu errepublikanoa izanik (Bidenen aurretik irabazi zuen azken demokrata Bill Clinton izan zen 1992an, eta bigarren legealdian galdu egin zuen), eta 2020an ere emaitzak zeinen estuak izan ziren jakinik, ezinbestean irabazi behar ditu Georgiak ematen dituen hamasei hauteskunde ordezkariak, Etxe Zurira itzuli nahi badu. Azken lau urteotan emaitza onak izan dituzte demokratek, eta aurten ere Georgian irabazteko apustua egin dute, bistan da. Baina estatu hau galtzea kezkagarria balitz ere, demokratek badituzte beste aukera batzuk presidentziari eusteko, iparraldeko hiru estatu industrialak batez ere. Aldiz, Trumpek hemen galduko balu, ia ziur beste estatu batzuetan ere nahi baino okerrago ibili den seinale litzateke. Matematikoki gerta liteke Georgiak demokrata bozkatzea eta beste sei estatu lehiatuetako gehienek Trumpen alde egitea, baina inork iragarri gabeko ezusteko handia litzateke. Lehia zeinen estua izan zen jabetuta, eta orain ere inkestek Trump eta Harris puntu bat edo gutxiagoko aldearekin ageri dituztenez (presidente ohiaren alde nagusiki, hori bai, nahiz eta Wall Street Journalek Kamala Harrisek zekarren aurretik joan den ostiralean), hauteskunde barruti guztiak zorrotz behatzeko agindua eman du hautagai errepublikanoak. Georgia kontserbadorean gertatu den aldaketa Atlanta metropolitarraren ondorio izan da: biztanleriak ehuneko 15 egin zuen gora 2010etik 2020ra, eta biztanle zurien batez bestekoak ehuneko bi behera egin zuen. Hillary Clintonek Atlantako hamar barrutietako zortzi irabazi zituen 2016an, estatua galdu arren. Joe Bidenek emaitzak hobetu zituen, Jon Ossoff eta Raphael Warnock demokratek errepublikanoen esku zeuden Senatuko aulkiak bereganatzea ere lortu zuten 2020an. Edozelan ere, Estatuko agintea errepublikanoen esku dago. Bai gobernadorea, bai Georgiako Senatua eta Ordezkarien Ganbera kontrolatzen dituzte. Washingtonen ere, ezohiko ordezkaritza izan arren Senatuan, behe-ganberako hamalau ordezkarietatik bederatzi errepublikanoak dira. Brian Kemp gobernadorearen lana bereziki aipagarria da, demokratentzat AEBetan oro har ondo joan ziren hauteskunde zikloetan lehiatu eta hala ere irabaztea lortu baitzuen, Stacy Abrams hautagai demokrata karismatikoaren aurka, bai 2018an, bai 2022an. Are gehiago, duela bi urte aldea handitzea lortu zuen Kempek, zalantzarik gabe Donald Trumpen aurrean makurtu gabe nortasun independentea erakusteko gai izateak eman zion ospeari esker. Georgiako errepublikano guztiek ez dute jarrera kritiko hori, ordea, eta presidente ohiarekiko eta haren gezur eta konspirazio teoriekiko leial direnek hauteskundeen ondorenean garrantzi handia izango duten postuak eskuratu dituzte. BOTOA OZTOPATZEKO ARAUAK Hala, aldian-aldian arau berriak onartzen ari da errepublikanoek kontrolatutako Georgiako kongresua. Teorian, hauteskundeetako iruzurra eragoztea dute helburu. Eskubide zibilen aldeko erakundeek salatu dute boto-emaileak beldurtzeko taktikak direla, besteak beste adimen artifiziala erabiltzea barruti batean izena emandako pertsona bat benetan bertan bizi den argitzeko sare sozialak, ohar publikoak eta bestelako iturrietan miatzen baitu, hala nola eskelaren batean agertzen ote den. Datu horien ziurtasuna oso zalantzazkoa da, baina balizko boto-emaileengan eragina izan lezake bere datuen atzetik dabiltzala jakiteak. Era berean, inolako iruzurrik frogatzerik izan ez den boto-zenbaketa automatikoaren lekuan eskuz eskuko zenbaketa eta hiru hauteskunde-langile egon beharra agintzen du joan den irailean onartutako lege batek, “arrazoizko ikerketa” egitera behartuz zalantzarik pizten duten aldi oro. Funtsean, bozketaren emaitzak jakitea asko atzeratu ditzake horrek guztiak, eta konspirazio teoriak are gehiago hauspotzea. Are gehiago, barruti batzuetako hauteskunde arduradunak 2020ko emaitza ofizialak onartzen ez dituzten eskuin muturreko Trump zaleak direla jakinik, oso arriskutsua dirudi zalantzakotzat jotzen dituzten botoak baztertzeko ahala ematea. Robert McBurney Fulton konderriko epaileak arrazoi eman zien demokratei araua oso lausoa dela eta nahasmena dakarrela argudiatzean, baina azaroaren 12rako emaitzek zertifikatuta egon behar dutela berretsi zuen. Hau da, hauteskunde egunetik astebetera, gehienez ere. Georgiako emaitzek erabakitzen badute noren alde doan balantza, auzibide luzea izateko zantzu guztia dauka. «URRIKO EZUSTEKOAK». Hauteskunde kanpaina une honetara iristen denerako, bozketa egunetik hiru astetara, esan beharreko gehienak esanda egoten dira, eta mezua zabaldu eta botoa aktibatzea izan ohi da hautesleei eta alderdietako boluntarioei geratzen zaiena, etxez etxe sarritan, telefonoz ere ez gutxitan. Baina badago asko aipatzen den eta hautagaiek berebiziko beldurra dioten elementu bat, kalkuluetatik kanpo egoten dena: “urriko ezustekoak” dira. Hauteskundeen perspektiba boto oso gutxiren esku dagoela dakitenean, are urduritasun handiagoa dakar elementu honek. Edozer elementu izan liteke, baita atzerrikoa ere, «etxean» nolabaiteko eragina balu: izan liteke atentatu bat edo Ekialde Hurbileko gertaerek petrolioan eragitea, baina baita ustekabeko albiste edo gertaera bat. Hillary Clintoni buruz FBIk azken unean atera zituen emailak, kasurako. Helene urakanak Ipar Carolinan eta Georgian eragin zuen triskantza ere elementu hauen artean koka liteke. Bizkor joan da Joe Biden presidentea, Donald Trump zein Kamala Harris legez, kaltetutako eskualdeak bisitatzera, laguntza federalak agintzera eta elkartasun eta babes erakustaldia egitera. Polemika politikoak ere ez dira falta izan, baina urakanak eragin zuzenagoak ere izan ditu: Georgian urriaren 7an amaitu zen bozetan parte hartzeko beharrezkoa den erregistroa egiteko data. Eskubide zibilen erakundeek epea astebetez luzatzea eskatu zuen, Heleneren txikizioak jende askori erregistratzea eragotzi ziolako, eta azken egunetan izen emateek gora egiten dutela gogora ekarrita. Urri hasieran 37 hauteskunde bulego itxita egon ziren, eta posta ere bertan behera geratu zen 27 konderritan, hala, aurrez aurreko izen ematea ezinezkoa izan zen leku askotan. Estatuko nortasun agiririk ez dutenek aurrez aurre eman behar dute izena; sarritan herritar baztertuenak -beltzak euretako asko - izaten dira. Auzitegietan katramilatuta dago bozketa .leanor Ross epaileak alderdi errepublikanoari eman zien arrazoi duela bi aste. Herenegun, berriz, Fultoneko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen hauteslekuetako arduradunak behartuta daudela emaitzak zertifikatzera. 8,2 milioi lagun daude erregistratuta Georgian botoa emateko. Eta 12 mila boto baino gutxiagok ebatzi zuten 2020an garailea. ATLANTAGeorgia kontserbadorean hauteskundeetan demokraten mesedetan gertatu den aldaketa Atlanta metropolitarraren ondorio izan da: biztanleriak %15 gora egin zuen 2010etik 2020ra, eta biztanle zurien batez bestekoak ehuneko bi behera egin zuen. TRUMP, BAI ALA BAITrumpek hemen galduko balu, ia ziur beste estatu batzuetan ere nahi baino okerrago ibili den seinale litzateke. Matematikoki gerta liteke Georgiak demokrata bozkatzea eta beste sei estatu lehiatuetako gehienek Trumpen alde egitea, baina ezusteko izugarria litzateke.