GARA Euskal Herriko egunkaria
HEARTSTOPPER 3. DENBORALDIA

Harreman osasuntsuak eta balio positiboak


Bi neraberen -Charlie Spring eta Nick Nelson- arteko harremana aztertzen duen kontakizun erromantikoa da “Heartstopper”, eta hasieratik naturaltasunez azaltzen du nerabezaro bete-betean dauden bi mutilen arteko maitemintze prozesua; prozesu horretan sor daitezkeen gorabehera ia guztiak erakusten dira.

Pertsonaia nagusi guztien arku dramatikoak bikainki eraikita daude, hau da ziurrenik telesail honen alderdirik sendoena: pertsonaiak. Atalek nahiko erraz katigatzen duten arren, benetako indarra aktoreen zein pertsonaietan topatuko duzu. Gainera, LGBTI+ istorioetan sarritan ikusi ohi diren klixe dramatiko guztiak alboratu dituzte.

Deigarria egin zaidan beste alorra jariatzen duen tonu baikor eta argitsua da. Pertsonaien tragediak ez dira agerian geratzen, sakonago dauden geruzetan aurkitzen dira. Nerabeek ikusteko moduko seriea izan arren, “Euphoria”-ren beste muturrean kokatuko nuke, hemen gailentzen dena baikortasuna delako. Honekin ez dut esan nahi guztia zuria denik, telesailak homofobia, osasun mentala eta bullyinga bezalako gai garrantzitsuak jorratzen dituelako, baina modu eskuragarri eta arinean egiten du guztia eta publiko gaztearentzat oso egokia iruditzen zait. Gidoia, oro har, harreman osasuntsuen eta balio positiboen inguruan eraikita dago.

Alde bisualari dagokionez, lehen maitasunaren magia eta urduritasuna harrapatzeko gai den estetika ederra eta koloretsua du. Halako istorio batek behar duen energia pantailaren bidez ezin hobeto iristen zaigu.

Zenbat eskertzen den lantzean behin asmo handirik gabeko ikus-entzunezko atsegin eta baikorrekin topo egitea pantaila txikian.