17 OCT. 2024 Entrevue Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Iraunkortasun diputatua «Identitate abenturetarako beste batzuk daude, baina PSE ez» Fiskalitatea, estatusa eta aurrekontuak direla-eta, Gipuzkoako aktualitatea biziago dugu. Horretaz aritzeko NAIZ Irratian izan zen atzo Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun diputatua eta Gipuzkoako PSEko idazkari nagusia. (Gorka RUBIO | FOKU) Peli LEKUONA DONOSTIA Espainiar Estatuan puri-purian dago Abalosen kasua. Asteleheneko “La Razón” egunkariko lerroburu nagusia zen PSOEko kargudunek ziklo bukaera den sentsazioa dutela. Jose Ignacio Asensiok ez du sentsazio hori. Esan zuenez, gaiari buruz «hartu zituzten erabakiak», baina momentuz «ez dago ezer berririk». Hala ere, PPren aurkako jarrera hartu zuen: «Esango nuke teatralizazio handia dagoela PPren aldetik. Feijooren eta PPren lidergoa zalantzan jartzen dute bere kideek eta hor daukate arazo nagusia: Ayusok edo Feijook, nork agintzen duen PPn». Erantsi zuenez, inork ez dauka gehiengorik, beste alderdiekin akordioetara iritsi behar dute eta, aurrekontuak onartzen badira, ziur dago PSOEk legealdia bukatuko duela. «Horretan ari gara, akordioetara ailegatzen saiatzen. Leku guztietan hori egin behar da, pentsatuz zeintzuk diren lehentasunak, jendeari eman behar zaizkion erantzunak, ikuspuntu aurrerakoi eta ezkertiarrarekin beti». «Eskuinak, eskuin muturrak eta beraien ondoan daudenek beste aldera egiten dute, beren interesa defendatzen dute eta ez gehiengoarena. Gu horretarako gaude, gehiengoaren interesei edo beharrei erantzuteko», baieztatu zuen. KONGRESUA, AZAROAN Azaroan Kongresua egingo du PSOEk. Lidergoak «argi eta garbi» Pedro Sanchezena izaten jarraituko duela aurreratu zuen PSEko Gipuzkoako idazkari nagusiak eta «etorkizuneko proposamenak mahai gainean» jarriko dituztela, «betikoak: berdintasuna, askatasuna, inor ez dadila atzean gelditu...», zein «sortuko diren erronka berriekin» lotutakoak: adimen artifiziala, sortuko diren ziurgabetasun egoerak eta industriaren eta ekonomiaren aldaketa, kasu. Nabarmendu zuen ez dagoela «horrelako erantzunak emateko beste alderdirik estatu mailan. Hor ausartak izan behar dugu». Gipuzkoako Batzar Nagusietan hitz egin den erabakitze eskubideaz, estatutuaz edota harreman estatusaz adierazi zuen «alderdi nazionalistek legitimoki» esaten dutela edo eskatzen dutela, baina hauteskundeak heltzean «ezkutatu» egiten dutela gaia. Hala ere, argi utzi zuen: «Gure akordioak estatutua berritzeko dira. Kasu honetan kanpoan geratu da EAJ. EH Bilduk betikoa egiten du eta koherentea da. Baina EAJri esango nioke hori bada beren lehentasuna hauteskundeetan esateko. Identitate abenturak egiteko beste alderdi batzuk daude, Alderdi Sozialista ez dago horretarako». FISKALITATEAN, EAJ ETA EH BILDUREKIN AURRERA Fiskalitatean, aurreikusten da aurten 700 milioi euro gutxiago jasoko dituela Ogasunak, mutualisten aferagatik. EAJ eta EH Bildurekin heldu den akordioaren alde egin zuen Asensiok eta asmoa «akordioa aurrera eramatea» da. «Horren baitan 28 erabaki nagusi hartu ditugu. Hori da gure foru arauan egin beharrekoa. Espero dut, behintzat, gehiengo hori mantentzea. Errespetatzen bada, oso aurrerakoia izango da». Gipuzkoako PSEko idazkari nagusiak aipatu zuen «beharrezko» ikusten duela Estatuko presio fiskalaren inguruko erreforma. «Oreka» eta «progresibitatea»-ri buruz aritu zen. «Orekatu egin behar da, kapital-errentak bere igoera izan behar du, progresibitatea ere hortik etorri behar da. Enpresen irabaziek ere gutxieneko bat ordaindu behar dute». Aurten 2023. urteko aurrekontuen luzapenarekin ari dira lanean Gipuzkoan. «Zailtasunekin, baina gure proiektu nagusiak aurrera atera ditugu eta politika publikoak bermatu ditugu. Gizarte politikak gure aurrekontuaren ia erdia dira. Zoritxarrez, ez genuen lortu akordiorik, nik uste hauteskunde garaian geundelako. Orain beste alderdiekin dauzkagun elkarrizketak nahiko positiboak dira». Iragarri zuenez, hilabete bukaeran beren aurrekontuak azalduko dituzte eta beste alderdiekin negoziatzen hasiko dira. «Akordioa badago, azkarrago joango gara». «HONDAKINEN KUDEAKETA EZ DA ARAZO GIPUZKOAN» Mikel Jauregi Industria sailburuak erraustegia bi urtez «egoera anomaloan» egon dela esan ondoren, Jose Ignacio Asensiok nabarmendu zuen «hondakinen kudeaketa ez dela arazo bat Gipuzkoan». «2015ean hasi ginen hondakinen kudeaketari buelta ematen. Judizializatu diren hainbat gai alde batetik etorri dira eta denak gure alde atera dira». «Matxurak gertatzen direnean kontrol publikoa egiten dugu. Garden jokatu dugu beti». Beren apustua «ekonomia zirkularra» dela esan zuen. «Ekonomia zirkularra kontuan duten enpresak gure barne produktu gordinaren ia %7 dira, turismoaren adina, eta gero eta gehiago izan behar dute». AHT«AHTaren inguruan, PSEren apustua Ezkio-Itsaso izan da beti. Txosten teknikoa lehenbailehen ezagutzea eskatu dugu; bestela ez dugu pausorik emango eta bada garaia prozesua azkartzeko»