GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Soseguz hiltzea


Esan gabe doa: bizitzak min ematen du. Sarritan, min bizia. Eta, batzuetan, minbizia. Minbiziak kentzen dizkigu, tupustean, maite ditugun pertsonak. Eta, adinean aurrera joan ahala, norbere bizitzaren balizko amaierak ere itxaroten gaitu bide bazterreko lapur baten antzera, makurtuta, mehatxari. Ezkorrak eta ilunak omen dira horretaz pentsatu ohi duten pertsonak. Asko hitz egin genezake bizitza duina zer den zehaztu nahian. Alabaina, bizitza bizigarria lortzea zaila baldin bada, heriotzari aurpegira begiratzea, duintasunez, adorez, askoz zailagoa da. Behin lagun batek esan zidan hiltzen ikastera joaten ari zela terapiara. Harrituta utzi ninduen. Agian bizitzeko beste era daude hiltzeko. Eta zer itxaron heriotzari itxaroten gaudela? Nire senide bat azkenekotan zegoela, onkologoaz kexaka ibiltzen zen. «Agindu zidan ez nuela minik izango», esaten zuen. Hala ere, asko sufritu zuen. Onkologoa emakume ezin atsegin eta maitagarriagoa zen; langile bikaina, nire iritziz. «Asko sentitzen dut», esaten zigun noizean behin, minbiziaren errua berea balitz bezala.

Adi datu esanguratsu honi: zenbat eta hobeto bizi gizarte batean, are eta errazagoa da era duinez hiltzea, heriotza bizitzaren luzapena baita. Eta heriotzari lasai eta oinazerik gabe itxarotea, maite duzun giroan eta pertsonez inguratuta, giza eskubidetzat jo behar da. Hortaz, zaintza aringarriak, hots, heriotzara arteko denbora leuntzeko baldintzak gauzatu daitezen legea sor dadila eskatu dute eragile andanak. Gaixoaren inguruan harreman sare indartsu bat gauzatu behar da, senide, lagun eta osasun langilez osatua, bizirik geratzen direnak ere umezurtz baitaude: senarrari alde egiten utzi behar ziola esan zion behin medikuak emazteari. Anatomiaz harago, bizitzaz eta heriotzaz asko dakiten medikuak ere badaude, zorionez. Baina ez dute zertan izan dena kontrolpean. Gaixoa heriotzaren unearen zain dagoela, min bizirik gabe eta maitasunak babestua irudikatu nahi dugu. Bizitzan bezala, heriotzan ere. Soseguz.