18 OCT. 2024 2019ko eta 2023ko greba feministei buruzko saiakera plazaratu berri du Uma Ulaziak Lisipe bildumako hamabosgarren liburua da «Euskal Herriko Greba Feministak», Uma Ulaziarena. 2019ko martxoko eta 2023ko azaroko greba feministei buruz hausnartzen du, feminismo materialistatik. Uma Ulazia bere liburuaren aurkezpenean, Jule Goikoetxearekin batera. (Jon URBE | FOKU) GARA DONOSTIA Uma Ulazia politologo eta aktibista feministak “Euskal Herriko Greba Feministak” saiakera argitaratu berri du; 2019ko martxoaren 8an eta 2023ko azaroaren 30ean borroka feministaren barruan egindako greben diskurtsoei eta eraginari buruzko hausnarketa jasotzen du bertan. Atzo aurkeztu zuen Donostian, Jule Goikoetxea filosofo eta irakaslea lagun. Susa argitaletxeko Lisipe bildumako 15. zenbakia da Ulaziaren lana, bide batez bilduma horretako egile gazteena bihurtu duena, 23 urte ditu eta. Azaldu zuenez, Goikoetxearen tutoretzapean egindako Politika Zientziak eta Kudeaketa Publikoko Graduko Gradu Amaierako Lanetik dator oraintsu argitaratutakoa. «Mugimendu feministari buruz eta mugimendu feministaren barnetik» egindakoa da, bere militantziarako erabilgarri izango zelakoan. Hasieran unibertsitaterako lana zen, baina liburu bihurtzea proposatu zion Goikoetxeak. Publiko zabalak irakurtzeko pentsatuta ez bazegoen ere, atal batzuk «dibulgatiboagoak» egiteko aukera izan zuen liburu gisa argitaratu baino lehen. Autokritikatik planteatutako lana dela argitu du Ulaziak, batez ere zaintzari buruzko diskurtsoaren inguruan hausnartzen duena. Lau atal ditu. Lehendabizikoan grebei buruzko testuinguru orokorra ematen du eta analisia nondik planteatzen den azaltzen du egileak. Bigarrenean patriarkatua azaltzeko bi modu aurkezten ditu. Batetik, «gizartean zabalduta» dagoen ikuskera «problematikoa eta idealista» eta, bestetik, marko materialista. Hirugarrenean, marko batetik edo bestetik planteatuta, borrokak eta ortzi-mugak desberdinak direla azaltzen du. Azkenengoan, bi grebek, bakoitzak bere aldetik, izandako inpaktua aztertzen du, diskurtsoak eta borrokak desberdinak zirela kontuan hartuta. ERABILGARRIAEuskal Herriko Gazte Feministak sarean militatzen du Uma Ulaziak eta lan honetarako egindako hausnarketak erabilgarri izan ditu militantzia lanean, baita autokritika egiteko ere.