21 OCT. 2024 TXIRRINDULARITZA «Ohorezko guardia» Gorka Izagirreri, agur esatean tropelari Gorka Izagirrek atzo egin zuen errepideko bere azken lasterketa profesionala. Ormaiztegiko kirolariak 37 urterekin txirrindularitza uztea erabaki du, duela aste batzuk iragarri bezala. Igandean amaitu zen Guangxiko Tourra eta tropelak «ohorezko guardia» batez agurtu zuen gipuzkoarra. Hona hemen Izagirreren ibilbideko zenbait argazki esanguratsu. Gorka Izagirre, atzo, tropelak eskainitako omenaldian. (COFIDIS - J. FONTANEDA - G. RUBIO | FOKU) GARA Gorka Izagirrek atzo utzi zion txirrindulari profesionala izateari. Ormaiztegikoa Guangxiko Tourrean eman ditu azken pedalkadak. Hamasei denboraldi egin ondoren, etapa honi amaiera jartzea erabaki du eta tropelak omenaldi xume batekin agur esan nahi izan zion, azken etapa abiatu aurretik «ohorezko guardia» eginez. «Buruak» hala eskatuta hartu du erabakia Izagirrek, “Berria”-ri esan zioenez. Ez da zarata zalea sekula izan Izagirre anaien helduena, eta honela agur esango dio ibilbide profesionalari ere. Izagirrek hamasei denboraldi osatu ditu goi mailan. Contenpolis-Ampon profesionaletarako bidea topatu zuen 2009an, gero lau urte egin zituen Euskaltel-Euskadiko laranjarekin, bi etapa ezberdinetan Movistarren urdina jantzi zuen (2014-2017 eta 2022-2023). Tartean, Bahrain eta Astana taldeetan ere aritu zen, eta azken denboraldia Cofidisen eman du. Garaipen gutxi, baina garrantzitsuak, lortu baditu ere, zerbait izan baldin bada, talde gizona izan da Izagirre. Lider handien alde lanean aritu da, hala nola Alejandro Valverde, Vincenzo Nibali edo Nairo Quintana. Zaleen memorian iltzatu da 2014an Quintanari Giroa irabaztea ahalbidetu zion ormaiztegiarraren maniobra. Elurpean ahora jaten eman zion, bero mantendu zuen eta Stelvion behera (antolakuntzaren akats bat tarteko), txirrindulari batzuek etapa geldituta zegoela uste zutenean, biek aurrera egin zuten, gerora maglia arrosa irabazteko gakoa izango zen abantaila erdietsiz. GARAIPENAK Giroan (2017), Ordizian (2010, 2012 eta 2014) edo Luxenburgon irabazi egin zuen. Espainiako txapeldun ere izan zen 2018an.