GARA Euskal Herriko egunkaria
EL CLUB DE LOS MILAGROS

Sakontasunik gabeko film arrunta


Hiru aktore bikainen presentzia -Maggie Smith, Kathy Bates eta Laura Linney- nahikoa da aurreikusteko modukoa den argumentu batek sortzen duen asperdurari eusteko? Zenbait pasartetan bai, baina oro har ez.

Thaddeus O'Sullivan zinegilearen “The Miracle Club” (gazteleraz “El club de los milagros”) adiskidetasunari, fedeari eta berrerospenari buruzko drama hunkigarria izan zitekeen, baina klixeen eta ehunka aldiz ikusitako egoeren nahasketa oso arrunta da. Originaltasun, erritmo eta sakontasun emozionalik ez duen drama bat da, atsegina baina oso arrunta.

1960, Ballyfermot, Irlanda. Tradizioak oso errotuta dauden komunitate bat aurkeztuko digute. Bertako kideak diren lau emakume dira filmeko protagonista nagusiak. Egun batean, herrian egin ohi den zozketa batean, Lourdesera joateko bidaia bat irabaziko dute. Bidaia hori, askatasuna dastatzeko eta etxeko bizitzatik aldentzeko ihesbidea izango da. Pertsonaien konplexutasun emozionalak zein espiritualak oso azaletik jorratzen dira eta emozionalki boteretsuak izan beharko luketen zenbait eszena aspergarriak izaten amaitzen dute, elkarrizketetan eta pertsonaien garapenean sakontasunik ez dagoelako.

Bisualki ere nahiko film konbentzionala da. Irlanda eta Lourdesko inguru bitxian girotuta egon arren, ez ditu agertoki horiek zukutzen.

Planoek eta kamera mugimenduek ere ez dute gehiegi laguntzen. Ez dute ikuspegi artistiko bereizgarririk, eta ekoizpen diseinua ere oso generikoa da.

Larunbat arratsaldetan telebistan ematen dituzten film mota horiekin gozatzen duzun horietakoa baldin bazara, “El club de los milagros” komedia dramatikoa zuretzako modukoa izan liteke, baina bestela ez.