GARA Euskal Herriko egunkaria
ELKARRIZKETA
Entrevue
XABIER LEGARRETA
Lakuako Gobernuko Migrazio eta Asilo zuzendaria

«Atzerritar legea aldatu eta prozedurak erraztu behar dira»

Azken bost urteetan 65.000 pertsona migratu jaso dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoak. Tasa %9,7tik %12,6ra igo da. Datu hori 2023ko Atzerritar Jatorriko Biztanleriaren Inkestaren parte da. Ikerketa honetaz eta Meloniren planaren gisako gaurkotasuneko gaiez hitz egiteko, atzo NAIZ Irratian izan zen Xabier Legarreta, Lakuako Migrazio eta Asilo zuzendaria.

(IREKIA)

 

Atzo goizean bertan Giorgia Meloniren ministroen kontseiluak bilkura zuen, Albaniara bidali zituzten lehen migratzaileak epaileen aginduz Italiara eraman ondoren. Meloniren plan polemikotik eta, oro har, Europan migrazioen arloan ezartzen ari diren politiketatik «oso urrun» sentitzen direla berretsi zuen Xabier Legarreta Lakuako Gobernuko Migrazio eta Asilo zuzendariak NAIZ Irratiarekin solasean.

«Bai lege esparruan eta bai nazioarteko akordioetan giza eskubideak errespetatzen ez dituzten ekimenak» abian jarri nahi dituztela salatu zuen Legarretak. «Eusko Jaurlaritzan kezka handiz bizitzen ari gara migrazio politikak hartzen ari diren noraeza».

«Europako Batasunaren izarrak urtzen ari direla ikusten dugu. Falta ditugu garai batean ezaugarri zituen giza balioak», aitortu zuen. Horregatik, politika horiek «humanizatzearen» aldeko apustua egiten dutela adierazi zuen.

ARABA, BIZKAI ETA GIPUZKOAKO AZKEN INKESTA

2023ko Atzerritar Jatorriko Biztanleriaren Inkestako azken datuek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan migrazioak duen argazkia erakusten dute. Horien arabera, azken bost urteetan 65.000 pertsona migratu jaso ditu EAEk. Eta tasa %9,7tik %12,6ra igo da.

Atzerritik etorritako biztanle gehienek zerbitzuen sektorean lan egiten dute, bereziki etxe zerbitzuetan eta ostalaritzan. Ezaugarri hori ez da aldatu azken urteetan. Hala ere, azken datuetan bada aldaketa bat, Legarretaren arabera: «Nahiz eta atzerritar jatorriko biztanle gehienek sektore horietan lan egin, beste sektore batzuetan ere nabarmentzen hasi dira: industrian, eraikuntzan eta lehen sektorean, esate baterako».

Dena dela, datu horietan interesgarriena, aipatutakoa baino, honako hau dela esan zuen: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan atzerritik etorritako 130.400 pertsona lanean dabiltzala. «2010etik hona dugun zifrarik handiena da, eta iruditzen zait interesgarria dela aztertzea zein kolektibotako jendea dabilen lanean zein sektoretan. Izan ere, lan okupazioari dagokionez, jatorriaren arabera datuak era batekoak edo bestekoak dira».

%2,1EK SOILIK EGITEN DUTE ETXEAN EUSKARAZ

Hizkuntzari dagokionez, euskaraz %2,1ek bakarrik hitz egiten du etxean. Xabier Legarretak azaldu zuen datu hori ere pixkanaka-pixkanaka igotzen ari dela eta kontuan hartzekoa dela «gaztelaniaren erabileraren zabalpena».

«Dauzkagun atzerritarren artean ia %50 Latinoamerikatik eratorritako jendea da, eta gaztelaniaren erabilera oso altua izatea dakar horrek», aipatu zuen. Erronka bezala ikusten du Migrazio eta Asilo zuzendariak euskararen erabilera, eta arlo horretan «lan asko» egin behar dela berretsi zuen.

Nabarmendu zuen, gainera, gizarteratzea «lehentasunezko» kontua dela berarentzat. Izan ere, inkestaren arabera, atzerritar jatorriko biztanleriaren %55 inguruk EAEn integratuta daudela sentitzen dute. Datu hori azken 30 urteetan jorratutako harrera ereduaren lan ildoetako bat gizarteratze prozesuak bultzatzea izatearen emaitza dela uste du.

«Integrazioa guretzat lehentasun bat da eta argazkian hala agertzea pozgarria da. Egia da, hala ere, honetan jarraitu behar dugula», esan zuen.

ASMOAK ALDATZEN DIRA

Adierazi zuen, migratzaileak gurera datozenean, hasieran familiei diru apur bat bidaltzea dela haien asmoa. Denbora pasatu ahala, ordea, integratzen joaten dira eta haien helburua lan munduan sartzea eta hemen bizi berri bati ekitea izaten da.

Bestalde, inkestan galdetutako pertsonen %7,9k ez dute bizileku baimenik edo, 16 urte edo gehiago izanda, lan baimenik. Horren aurrean, hasteko, «atzerritarren legea aldatu eta prozedurak erraztu behar» direla adierazi zuen Legarretak. «2010etik hona datu hori ere gero eta txikiagoa da. 277.000 biztanle dira gutxi gorabehera kanpotik etorriak eta ia %33k espainiar nazionalitatea dute. Gehienak erroldatuta daude, baina %7,9k oraindik ez du bizileku baimenik, eta hori aztertu eta hobetu behar da», defendatu zuen Migrazio eta Asilo zuzendariak.