24 OCT. 2024 EDITORIALA Etekinen errekor berria, zergez diskurtso zaharra Atzo Iberdrolak bere jardunaren emaitzen berri eman zuen, zerga sistemaren gaineko eztabaidaren erdian. Hain zuzen ere, Gobernu espainolak energia enpresei ezarritako aldi baterako zerga bereziak iraunkor egiteko eztabaida lehen lerroko politikarien eta enpresarien ahotan izan berri denean. Iberdrolak iaz baino %50 gehiago irabazi du urteko lehen bederatzi hilabetetan, beste errekor bat ezarriz. Energia enpresen zerga bereziak betikotzeko aukeraz Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galan ez zen arduratuta agertu; aitortu zuenez, zerga hori iraunkor bihurtzea ez litzateke «gauza handirik» konpainiarentzat. Edonola ere, esan zuen ez dagoela batere argi hala gertatuko den, eta badaki zergatik, batik bat EAEko lehendakariaren hitzak entzundakoan. Izan ere, zerga erreforma hori aurrera ateratzeko, EAJren sostengua beharko luke Madrilgo Gobernuak. Beraz, EAJk badu zer esanik. Esan du dagoeneko. Asteartean Imanol Pradalesek egin zituen adierazpenek jarrera nahiko argi bat erakutsi zuten, Repsoleko kontseilari ordezkari Josu Jon Imazena bezain argia eta funtsean irizpide berekoa: zerga horiek betikotzeak inbertsioak nabarmen motelduko dituela, milioika mila euro beste herrialde batzuetara joango liratekeela, ehun industrialari kalte egingo liokeela... Hondamendia. Imazek enpresa handien eta aberatsen aurkako diskurtsoei aurre egiteko argudio gisa apokalipsi industrialaz ohartarazten du. Bera aberatsa da, baina ez zaio gaizki irudituko gobernuek merkatuaren gorabeherak zuzentzeko esku hartzea, edo enpresei eta dirudunei zergak murriztea, hain zuzen ere inbertsioa sustatzeko, eta nahi luke murrizketa horiek iraunkor bihurtzea. Ehun industriala beharrezkoa da kalitatezko lanpostuak sortzeko eta garapen ekonomikorako, baina ez dirudi enpresa handien etekinak arriskuan daudenik, ezta garapen industriala dibidenduak jasotzen dituztenen kezka handia denik. Horientzat, demagogia da zama fiskala lan errenten gainean ezartzerik nahi ez izatea. Bai, zentzuzkoa da gobernuek enpresei erraztasun fiskalak ematea, baldin lurraldeko ehun industrialean berrinbertitzen badute.