24 OCT. 2024 PILOTA Gaztetuta, luzeago eta «Zalantzen txokoarekin» dator Gernikako negua Astelehenean hasiko den Gernika Winter Serieseko koadroan lau aldaketa daude -tartean, Urreistiren debuta-. Aurten hiru partida gehiago jokatuko dira, eta finalerdietan ligaxka bat. Jada 1.200 bonu saldu dituzte eta 600 sarrera egongo dira partidako. Gernika Winter Seriesean parte hartuko duten pilotariak, atzoko aurkezpenean. (Raul BOGAJO | FOKU) GARA Laugarren edizioa hasterako jendearen erantzun itzela bermatuta duen arren -salgai jarritako 1.200 bonuak inoiz baino lehenago bukatu ziren-, Gernika Winter Serieseko arduradunek ez dute arrakastaren ur aparretan ito nahi. Berrikuntza asko azaldu zituzten astelehenean hasiko den ekitaldi honetarako. Parte hartzaileei dagokionez, lau berritasun daude. Hasteko, Eñaut Urreisti mutrikuar gazteak debuta egingo du Winter Seriesean, Ligak uda honetan emandako aukerari etekina aterata. Bi urteren ondoren, beste pilotari gazte bat ere bueltan da: Thomas Urrutia behenafarra (Donibane-Garazi, 23 urte). Gainerako bi berritasunak Xabier Barandika eta Jon Zabala dira; iaz lesionatuta egon ziren eta ez zuten txapelketan parte hartu. Duela lau urte horren zaila ikusten zen belaunaldi aldaketa bidean dela esan nahi du honek antolatzaileentzat. Atzo aditzera eman zutenez, Winter Serieseko lehen edizioan pilotari bakarra zegoen 30 urtera heltzen ez zena. Aurtengo edizioan, hamar izango dira eta hauetatik sei, 25 urtez azpikoak dira: Urreisti (20), Johan (22), Gorka (23), Urrutia (23), Goitia (23) eta Manci (24). Beteranoak Lopez (40) eta Erkiaga (37) dira, eta tartean daude Basque (28), Ibarluzea (28), Del Rio (28), Lekerika (29), Laduche (30), Barandika (34), Olharan (35) eta Zabala (35). Hiru pilotarik, gainera, Floridatik Euskal Herrirako bidaia egingo dute Winter Seriesean parte hartzeko. Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal, Dania Jai Alain 3 hilabeteko denboraldia jokatuko dutenak, eta Magic Cityko frontoian dagoen Alex Goitia markinarra. PARTIDA GEHIAGO Beste nobedade handia finalerdietan jokatuko den ligaxka izango da. Honekin inoizko txapelketarik luzeena izango da laugarren edizio hau. Iazkoarekin alderatuta, 16 partidatik 19ra pasako da. Dena dela, 17 jardunalditan banatuko dira, ohi bezala, bi egunetan bi partida jokatzen. Lehenbiziko jardunaldian eta abenduaren 30ekoan jokatuko dira bi partida. Finalerdietara iritsiko diren lau bikoteek “ligaxka” formatuan jokatuko dute, eta bi bikote onenak final handira igaroko dira. Modu honetan, hirugarren posturako jardunaldia kenduko da. Txapelketak emozioa irabazi eta maila altuko partidua kopurua handitzea espero dute antolatzaileek. Txapelketak bideo-arbitrajea izaten jarraituko du (“Zalantzen txokoa”), hala ere aldaketa nabarmen batekin: aurrerantzean epaile propio bat izango da jokaldiak pantailan errepasatuko dituena. Kantxako epaileek ez dituzte beraien erabakiak zuzenduko edo mantenduko. «Kaiolako jokoa kaotikoago bihurtu da», Erik Jakarentzat Egutegia Aurtengo Lau eta Erdiko txapelketa ez da, momentuz, zaleak asetzera heldu den partida bat emateko gai izan, eta pilotariak ez dira errealitate horretaz aparte bizi. Sake eta sake-erremateak garrantzi larregi hartu ez ote duen sentsazioa handia da. Ogetan horren inguruan solasean aritu ziren atzo Jokin Altuna eta Erik Jaka. «Ikusle bezala, nik neronek ere partidei begira gehiago gozatzen nuen partidak luzeagoak zirenean. Jokatzen hasi nintzenean, partidak piloteatuagoak ziren», aitortu zuen egungo txapeldunak. «Materialak eramaten zaitu horretara. Zuk ez baduzu aurrera egiten, taktikoki huts egiten ari zarela ematen du», adierazi zuen. «Pilota azkarrago datorkizu, jokoa kaotikoago bihurtu da eta aurkariaren edozein deskuidutan erasora pasatzera behartzen zaitu», ohartarazi zuen Erik Jakak. GARA 1. jardunaldia, urriak 28 (18.00) GOITIA-DEL RIO vs URREISTI-GORKA ERKIAGA-IBARLUZEA vs JOHAN-LEKERIKA 2. jardunaldia, azaroak 4 (19.30) OLHARAN-ZABALA vs URRUTIA-BASQUE 3. jardunaldia, azaroak 11 (19.30) URREISTI-GORKA vs BARANDIKA-LOPEZ 4. jardunaldia, azaroak 18 (19.30) ERKIAGA-IBARLUZEA vs OLHARAN-ZABALA 5. jardunaldia, azaroak 25 (19.30) URREISTI-GORKA vs LADUCHE-MANCI 6. jardunaldia, abenduak 2 (19.30) JOHAN-LEKERIKA vs URRUTIA-BASQUE 7. jardunaldia, abenduak 9 (19.30) LADUCHE-MANCI vs BARANDIKA-LOPEZ 8. jardunaldia, abenduak 16 (19.30) GOITIA-DEL RIO vs LADUCHE-MANCI 9. jardunaldia, abenduak 23 (19.30) BARANDIKA-LOPEZ vs GOITIA-DEL RIO 10. jardunaldia, abenduak 30 (19.30) JOHAN-LEKERIKA vs OLHARAN-ZABALA ERKIAGA-IBARLUZEA vs URRUTIA-BASQUE FINALERDIETAKO LIGAXKA, 4 BIKOTE ONENEKIN 6 jardunaldi jarraian: urtarrilak 6, 13, 20, 27 eta otsailak 3, 10 (19.30) FINAL HANDIA: Otsailak 16, igandea (Matinée) FABORITOAKLiga irabazi berri duten Barandika-Lopez eta Erkiaga-Ibarluzea, egungo txapeldunak dira aurtengo edizioko faborito nagusiak.