GARA Euskal Herriko egunkaria
EZTABAIDA FISKALA ETA ESTATUSA, GAURKOTASUN POLITIKOAN

Otxandiano: «Sektore publikoari dagokio transformazioa lideratzea»

Enpresa energetikoen eta bankuen etekin handiak eta etxebizitza izateko gazteen zailtasunak ezin dira bideratu orain arte Lakuak egin duen bezala, neoliberalismoaren «dogmekin», Pello Otxandiano EH Bilduren parlamentariak NAIZ Irratian atzo nabarmendu zuenez. «Merkatuaren arauak aldatu behar dira eta, horretarako, esku hartze publikoa behar da», adierazi zuen.

Pello Otxandiano, NAIZ Irratiak Donostian dituen estudioetan, atzo. (Jon URBE | FOKU)

Lakuako Gobernuak merkatuari nagusitasuna eman eta gizartea horren arabera antolatzen duela kritikatu zuen atzo Pello Otxandiano EH Bilduko Gasteizko Legebiltzarreko eledunak, eta huts egin duten politika neoliberalen «dogmekin» apurtu behar dela adierazi zuen. Gaurkotasun handiko zenbait kontu hizpide izan zituen NAIZ Irratian, eta merkatuak esku hartze publikoa behar duela defendatu zuen, besteak beste, etxebizitzaren «emergentzia egoera» baretzeko.

EH Bilduko parlamentariak asteon piztu den eztabaida fiskalari heldu zion, eta agertu zuen «disonantzia handia» ikusten duela egiten diren diskurtsoen eta praktiken artean. Batetik, politika neoliberalek porrot egin dutela agerikoa dela aipatu zuen, baina, bestetik, ohartarazi zuen politika horietan oinarritutako inertzia eta errezeta berdinekin jarraitzeko nahia erakutsi duela Lakuako Gobernuak.

Zehazki, asteartean egin zuen publiko gogo hori Imanol Pradales lehendakariak. Gobernu espainolak konpainia elektrikoei eta bankuei ezarritako zergak betikotzeko asmoen kontra artikulu bat idatzi zuen Vocento taldean Josu Jon Imazek, eta Repsoleko kontseilari delegatuak defendatutako ideien alde lerrokatu zen Pradales egun horretan bertan, adieraziz zerga horiek ez direla «modurik egokiena herrialde baten ehuna industrialki gara dadin». Alta, adierazpen horren argudioa atzo desegin zen Iberdrolaren iragarpenarekin: haren mozkinak %50 baino gehiago igo dira 2024ko lehen bederatzi hilabeteetan, konpainia elektrikoen gaineko karga fiskala indarrean izan den bitartean.

Otxandianok sare sozialen bitartez erantzun zion Pradalesi herenegun, Joseph Stiglitz ekonomialariaren pasarte bat baliatuta. Bertan, Nobel saridunak nabarmentzen du gobernuek ezin dutela mugatu «merkatuaren akatsak zuzentzera» eta ez dietela, «halabeharrez, merkatuei lehentasuna eman behar».

«Askotan aipatzen dira krisi ekologiko edo politikarekiko atxikimendu falta fenomeno meteorologikoak balira bezala, baina egoera honetara ekarri gaituzten kausa batzuk daude, eta horiek ondo identifikatzea inportantea da. Labur esanda, hona ekarri gaitu sistema ekonomiko eta ideologiko batek: neoliberalismoak. Dogma batzuetan oinarritu da hori guztia: merkatua autoerregulatu egiten dela, zergak jaitsi behar direla, austeritatearen bidea jarraitu behar dela, sektore publikoak ez duela esku hartzerik izan behar ekonomian eta gizarte antolaketaren bestelako esparru batzuetan… nolabait, merkatua dela gizartea antolatzeko tresna behinena», adierazi zuen NAIZ Irratian.

Kontrara, Stiglitzek bezala, Otxandianok baieztatu zuen ezin direla gizartearen antolaketaren arauak «soilik merkatuaren esku utzi» eta egun dauden «arrisku existentzialak» gainditzeko dogma horiek alboratu behar direla. Horregatik, adierazi zuen sektore publikoari dagokiola «transformazioa lideratzea».

Hori esanda, Josu Jon Imazen iritzi artikulua «demagogia ariketa» gisa definitu zuen: «Ez da egia zergapetze horrekin korporazioei kalte handia sortzen ari zaienik», erantzun zion, Iberdrolak iragarritako etekinak adibide gisa jarrita.

ETXEBIZITZA, «EMERGENTZIA EGOERAN»

Etxebizitzaren aferari dagokionez, «emergentzia egoeran» gaudela ziurtatu zuen Pello Otxandianok. 2025ean hamar urte beteko dira EAEko legea onartu zenetik, eta bere garaian «aitzindaria» izan zen arren, egoerak okerrera egin duela azpimarratu zuen. Hori dela eta, behingoz 2015eko Etxebizitza Legea «potentzialtasun guztiaz garatzeko» unea dela aipatu zuen, baita arau horrek erreforma bat behar duela azaldu ere. «Egin dezagun ariketa eta pentsa dezagun zer tresna behar diren etxebizitza benetan eskubide subjektiboa izan dadin», proposatu zuen.

«Merkatuaren arauak aldatu behar dira eta, horretarako, esku hartze publikoa behar da. Joko arauak aldatzen ez baditugu, ez da konponbiderik izango, inolaz ere», baieztatu zuen. Aipatu zuen etxebizitza parke publikoa handitzea defendatzen duela EAJk, baina, Otxandianoren ustez, hori ez da nahikoa izango epe laburrean larrialdia baretzeko, parke publikoa handitzeak luzerako lana ekarriko duelako.

Bien bitartean, merkatuan «interbenitu» behar dela berretsi zuen, alokairuak merka-tzeko, etxebizitza hutsak merkaturatzeko eta erabilera turistikoko etxebizitzak murrizteko, besteak beste.

«Erreakzionatzera behartuta gaude. Sektore publikoak bere gain hartu behar du ardura hori», errepikatu zuen.

AURREKONTUAK ETA JARRERAK

Gasteizko Legebiltzarrean urriaren 11n egin zen bilkuran, 2025eko aurrekontuak batera negoziatzeko proposamena luzatu zien EH Bilduk EAJri eta PSEri, haiek gobernatzen dituzten EAEko lau instituzioak (hiru aldundiak eta Lakua) barne hartuko lituzkeen akordio bat eratzera gonbidatuz. Horri buruz esan zuen harrigarria deritzola eskaintza honi EAJk erantzun ez izana.

Gainera, koalizioak aurrekontu globalen proposamena aurkeztu zionean, Imanol Pradalesek mesfidantzaz hartu zuen, esanez, erantzukizun politikoa baino gehiago, «taktika» egon zitekeela koalizioaren jarreraren atzean. Lehendakariaren erantzuna gaitzetsi zuen Otxandianok NAIZ irratian, eta EH Bilduk «politika egiteko beste modu bat» duela adierazi zuen.

«Denok izan ditzakegu motiboak elkarrekiko mesfidantza izateko, baina horrek, jendeari, bost axola. Kontua da arazo larriak ditugula eta hasi behar dugula horiei konponbidea ematen. Bide horretan, gure proposamena zentzuzkoa da: errespetatzen ditugu erakunde bakoitzaren eskumenak, baina erronkak hain dira konplexuak (zaintza, trantsizio energetikoa, etxebizitza larrialdia...), gure gaitasun instituzional guztia konektatu behar dugula», argudiatu zuen.

ESTATUTUA BAINO, ESTATUAREKIN HARREMANA

Bihar Gernikako Estatutuaren 45. urteurrena da eta, artean, ez da osoki bete. Hala ere, auzi hori jadanik iraungita dagoela iritzi du koalizio independentistako parlamentariak. «Kontua ez da estatutu hori beteko den edo ez, estatutua muinean erasanda baitago. Estatuaren aldetik inboluzio prozesu bat gertatu da, eta gaur egun Estatuarekin daukagun harreman eredua da auzitan jarri behar dena», adierazi zuen.

Pello Otxandianoren esanetan, «mutilatutako autogobernua» du gaur egun EAEk, eta, eskumen gehiago ala gutxiago izanda ere, Estatu espainolarekin harremana ez bada aldebikoa bilakatzen, «jarraituko dugu egoera subalterno batean, etengabe, eta Estatuak gaitasuna izango du gure eskumenak urratzeko», ohartarazi zuen.